GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Miseriak


Esaten du Ana Malagonek gustatuko litzaiokeela gauza alaiagoak idaztea, baina ezinezkoa zaiola, miserableak garelako. Eta ez zaio arrazoirik falta. Idazle donostiarrari aiseago zaio geruzarik beltzenetan muturkatzea, azaleko mami artifizialaren gainean irribarre behartu bat sortzea baino. Eta nik eskertzen diot. Zinez eskertu, zabartasun ororen gaineko irakurketa bat egiteko gai delako. Sinplea da Malagonekin ezkontzea. Bere ipuinak irakurri eta nork bere miseriak identifikatzeko ariketa erraza, barruan duzun ahots satanikoa isilarazi gabe aske uzteko ematen duen plazer unea.

Bai. Satanas txiki batekin bizi gara. Eta norberak badu barruan putakume habiaren bat, batzuengan handiagoa edo nabariagoa bada ere. Itxuraren balioa merkatu sozialean ehun bider –edo berrehun edo bostehun edo mila...– handitu den garaian, zoriontasunaren bilaketak ez du buruhauste gehiegirik eragiten. Aski da etxeko atetik bestaldera egin beharrekoak normatibotasun baten barruan egitearekin. Badaezpada, esango dutenaren beldur. Birikak airez ondo beteta, burua tente, gure imajinarioan sortutako gasezko Beverly Hills bat zeharkatzeko.

Aurreko batean, parkean, mutiko batek besteari: «Azkazalak margotuak dituzu?! Neska zara orduan!», eta barre-algara atzetik. Besteak, ezin babesa aurkitu, zutik, burua makurtuta mantendu zuen gorputza. Aireak biriketako zuloetatik ihes egin zion. Globoa hustu zitzaion, eta desagertu.

Geurea, satanas kamaleonikoa da, generoduna, diruduna, ospeduna, harrotasunezkoa. Haur haren buztan gorri txikia agerian geratu zen, baina baita inguru pasiboan zeuden helduena ere. Miseria bat gehiago. Besterik ez.