GARA
GASTEIZ

Lanbideren diru-laguntzak kudeatzeko «hobekuntzak» proposatu dituzte

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2015eko ekitaldiko Lanbideren enplegu eta prestakuntza programen diru-laguntzen fiskalizazio txostena onartu du. «Hobegarri diren alderdiak» azpimarratu ditu bertan.

HKEE Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2015eko ekitaldiko enplegu eta prestakuntza programen diru-laguntzen fiskalizazio txostena aho batez onartu zuen atzo. Txostena onartu arren, HKEEk kontrol mekanismoak eta prozedurak aztertu ondoren, «hobegarri diren alderdiak» daudela azpimarratu zuen. Honekin batera, Lanbidek hausnarketa eta eraldaketa prozesua hasi du, datozen urteetan erakunde autonomoaren jardute-ildoak finkatuko dituena.

2015eko ekitaldian enplegu eta prestakuntza programentzako 70 milioi euro eta 58 milioi euroko diru-laguntzak jaso zituen erakunde publikoak, hurrenez hurren.

Enplegu programei ematen zaizkien laguntzei dagokienez, HKEEk programetan esku hartzen duten teknikariek egozten dituzten orduen gaineko kontrolak «hobetu» daitezela eskatu zuen. Gainera, laguntzen oinarri-arau arautzaileen diseinuari eta horien justifikazio, izapidetzeko epe eta emandako kopuruak egokitzeko, Lanbideri «hainbat irizpen» eskainiko dizkiola adierazi zuen.

Enplegu-prestakuntzarako laguntzei dagokienez, eskabideak balioztatzeko eta diru-laguntza zehazteko irizpideen gaineko «gomendio orokorrak» aditzera eman zituen.

Azkenik, txostenak «hobetu beharrekoak diren beste zenbait atal» azpimarratuko dituela azaldu zuen HKEEK. Hala nola, Lanbidek aurrekontuen oroitidazkietan aztertu diren diru-laguntza lerroen eta parametroen plan estrategikorik eta emandako diru-laguntzen ebaluaziorik ez izatea kritikatzen du txostenak. Horretaz gain, oinarri arautzaileak Enplegu eta Gizarte-politika Sailak onartu behar dituela uste du.

Lanbide 2009an sortu zenetik, HKEEk erakundearen funtzionamenduari buruz argitaratzen duen bigarren txostena da honako hau. 2014an argitara emandako txostenean egindako gomendioei jarraiki, 2015ean erakundeak lanpostuen zerrenda mamitu eta onartu zuen. Gainera, 2013an Lanbideren 2013-2016 aldirako plan estrategikoa onartu zuen.