GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Denboraren azalera


Denbora hondarra da, ez besterik.» Esku artean ihes egiten digu. Gauza singularra da denbora. Ez dauzkagu denborak, pluralean beste gauzak bezala: bizitzak, lanak, maitaleak. Hargatik izango da hain preziatua nahiz eta eternala izan. Elkar lotuta doazen dimentsioak ditu denborak.

Abiadura. Denbora neurtu egiten dugu saldu ahal izateko, baina bizitzaren joanak bestelako neurria ematen dio denborari, distantziak perspektiba aldatzen du eta. Abiadura azkartzen ari den gizartean bizi gara, gero eta unitate txikiagoetan zatituz denbora. Denboraren azaleran dena da lau eta azaleko. Zaping-aren kultura. Lehen segundoetan gustatzen ez bazait, aldatu eta kito. Sakontasunik gabe ez dago maitatzerik.

Perspektiba. Distantziak bestelako azalera ematen dio denborari. Abiadura azkarraren eta zapingaren kulturak gaztetasuna goraipatzen du. Bere inpronta. Bizitza laburrak ematen duen ikuspegi motzean dena da hil ala biziko. Dena gillotinatu nahi luke. Erabakiak azkarregi hartzen ditu, akaso, ondorioak behar bezala doitu gabe. Erabaki horiek pausaz hartzeko denbora duela jabetu gabe. Erabaki ezinak antsietate ikaragarria sortzen du. Eta aldiz, hartutako erabakiaren eta erabaki nahi ezaren arteko hutsune azeleratuan bizi da, egin nahi lukeena eta egin ezin duenaren arteko tentsioan, zulo beltza areagotuz. Hutsunez eginak gaude.

Bizitza topera bizi beharra inposatu digu egungo bizimodu azkarrak. Lasaitasuna lapurtu. Egin nahi genukeen guztiaren (eta gehiago) eta egin ezin dugunaren artean bizi gara. Eta hala, desioak hondarra baizik ez dira, hatzen artean desegiten direnak edo ihes egiten digutenak.

Norbait hasi zen behin denbora neurtzen. Gero eta prezisio handiagoz egin dezakegu eta lanaren bidez bizitza gure denbora saltzen pasatzen dugu desio ditugun gauzak kontsumitu ahal izateko, denbora gure desioak betetzen pasatu beharrean. Eguneko orduak zereginez betetzen ditugu, gure baitako zulo beltzak irentsi ez gaitzan borrokan dihardugun bitartean.