GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Urrun


Macronen gobernua eskuinekoa da, hautatua den parlamentuak dekretuz gobernatzeko baimena emanen dio. Hau da bizi dugun demokrazia. Hautesleen portzentaje ahul batetik sortua, dekretuz gobernatuko duen agintaritza. Demokrazia totalitariora hurbiltzen ari gara. Mugak non dauden definitzea zaila izaten da, baina botereen kontzentrazioa nabarmena bada oposiziorik gabeko politikak ondorio latza izan lezake karrikan. Haserrea entzuten da herritarren artean. Moralizazio politikoa aipatuz egin zuen kanpaina Makronek Fillonen kasutik nolabaiteko desberdintasuna margotu nahiz; orain, berriz, bere gobernuko ministroak galdekatuak dira diru publikoa oker erabiltzeagatik. Macron egoera larrian gelditzen ari da. Orain arte fruitu ustela erditik kentzearekin giroa lasaitzera zihoala ematen zuen, baina bat kendu eta berehala beste bat ateratzen da. Ematen du ustelkeria oso zabalduta dagoela, jende asko baliatu dela diru publikoaz, eta horrek herritarrak nazkatu ditu, sistemaren orain arteko oinarriak zalantzan utziz. Horrelako giroa eta jarrera autoritarioa, bi parametro arriskutsu politika egiteko haserre den gizarte batean.

Gero eta herri normalizatuagoan bizi garela ematen du. Hauteskundeetan EH Bai ezkerreko lehen indarra bihurtu da frantses ezkerraren hondamendiaren ondorioz. Garaipenak besteen hondamendiengatik ere sortzen dira batzuetan. Badakigu EH Bairen emaitzak urteetako lanaren emaitza direla. Dena den, errealitateak aldaezina dirudi: eskuina garaile handi gelditzen da berriz ere gurean.

Eskuin nazionalismo euskaldunak ez du oraindik bere lekua egiten lortzen, Ipar Euskal Herriko eskuina frantses nazionalista baita soilik, agian horregatik izango da. Aldiz, urteetan ezker abertzaleak egin lanak boz kopuru polita ekarri du. Bidea ez da bukatu, independentziarako bideak uste genuen baino bide luzeagoa du.

Preso bat gose greban, politikari bat, Macronen taldekoa amnistia eskatzen eta herrian mobilizazioak preso eta iheslarien alde. Gotzon, Mikel eta Julian gogoan, herria batu, presoak askatu. Normalizaziotik urrun gaudela frogatzen digute.