GARA Euskal Herriko egunkaria

Kontziliazio eskubidea aldarrikatu du LABek


Gurutzetako Ospitaleko sarreran kontzentrazioa egin zuen atzo LAB sindikatuak, Osakidetzako Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzak langile bati hiru urteko semea zaintzeko eszedentzia zatitzeko aukera ukatu diola salatzeko. LABek Osakidetzari genero berdintasunerako legeak ez errespetatzea egozten dio. Izan ere, sindikatuaren esanetan, «eszedentzia ez zatitzeak berdintasuna suntsitzen du».

Bikotekide batek eszedentzia hartzen badu ezin dio besteari zati bat pasa eta gero berriz berak hartu, hortaz, egoerak bat etxean geratzea eta besteak lan egitea dakar.

LABen esanetan, estatistikoki, emakumea geratzen da etxean eta gizona joaten da lanera. Hori dela eta, LABen ustez Osakidetzak ez ditu lana eta familia uztartzeko neurriak betetzen; hau da, hiru urte baino gutxiagoko seme-alaba zaintzeko eszedentzia zatigarria izateko eta jardunaldia murrizteko eskubideak ukatzen ditu.