02 JUIL. 2017 Aizkora Mikel Larrañagak sufrituz eta erarik garratzenean irabazi du apustua Txikonek neurketa bertan behera utzi zuen, eta erietxera eraman zuten.Azpeitiarrak oinez eta geratuz egin behar izan zituen azkeneko itzuliak. Dernière mise à jour : 02 JUIL. 2017 - 08:55h Jon LEUNDA Erarik garratzenean irabazi zuen apustua Larrañagak. Garratza, Txikonek erietxean amaitu zuelako, eta berak ere komeriak izan zituelako neurketa amaitzeko. Hasteko, 20 jasoaldi eman zizkioten 100 kiloko zilindro zaharrari. Ondoren 10 kana-erdiko ebaki zituen Txikonek eta bi gehiago Larrañagak, eta azkenik bakoitzak 7,5 kilometro egin behar zituen korrikan. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatu zituen. Aurrena Txikon hasi zen okertzen. Amaitzeko 40 itzuli falta zitzaizkiola betekada nabaritu zitzaion, eta berehala geratu egin zen ura edateko. Jarraian balantzaka hasi zen. 58 itzuli egin eta gero, utzi egin zuen lana. Sendagileek berehala hartu zuten, eta hasieran aldagelan eduki bazuten ere, erietxera eramatea erabaki zuten. Horrekin apustua amaitutzat ematen zen, garaipena Larrañagarena baitzen, baina hamabost itzuliren faltan azpeitiarra ere erabat okertu zen. Balantzaka hasi zen, eta geratu egin behar izan zuen. Azkeneko itzuli horiek oinez egin zituen, une askotan bazterrari helduz, eta azkeneko itzulian botaka ere jardun zen. Bukatutakoan, aldagelan hartu zuten, eta hasieran behintzat berehala hasi omen zen errekuperatzen eta ez zutela erietxera eramateko beharrik ikusten esan zuten medikuek. Ordubete, 19 minutu eta 7 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko.