02 JUIL. 2017 «Zarrakamalda» zorroztu du Mattinek Pozik dago Iñaki Martiarena «Mattin» bere lehen komiki liburua izaten ari den arrakastarekin. Handik eta hemendik iritsi zaizkio «Zarrakamalda»-ren oihartzunak; gidoiko hitz jokoak bikainak direla, istorioaren beraren magnetismoa, irakurleak lerroartean atzematen duen kritika soziala... Protagonistak, Lokatzak, hiritik ihes egin eta ortuan bilatuko du bizi duen krisi existentzialari aurre egiteko kemena. «Errotu... bestela erotu!», aldarrikatu du Mattinek. Dernière mise à jour : 02 JUIL. 2017 - 09:11h Amalur ARTOLA DONOSTIA Igitaia da zarrakamalda. Uzta biltzeko edo belarra ebakitzeko lanabesa. Halako bat erostera joan eta, izena ahantzita, hiztegian topatu zuen Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak «zarrakamalda» hitza. «Lokatza pertsonaiaren borroka adierazten duen elementua da, bere barruko borroka, inguruarekiko duena, harremanetan, eta baita ere pairatzen duen prekaritate emozional zein ekonomikoa. Elementua asko gustatu zitzaidan eta liluratu egin ninduen hitzak», azaldu du. Lokatza da, Mattinek azaldu bezala, Txalapartarekin argitaratu duen komiki-liburu mardul honetako (261 orrialde ditu) protagonista. Inguratzen duen errealitatearekin akiturik, bere bizimoldera aldaketak ekarriko dituen baratzea eraikitzeko erabakia hartuko du eta, eleberri grafikoan zehar, irakurleak hiriaren eta landa eremuaren arteko talka, gizarte harremanen moldeak eta elikadura burujabetzaren aldeko aldarria sumatuko ditu. «Inkontzientea izan da. Nire bizipenetan oinarrituta dago, autobiografia izatera iritsi gabe, eta nire egunerokotasunean bai daudela egoera horiek. Baina egia da gidoia eta marrazkiak egin ahala ohartu nintzela tonu hori bazuela eta egin nuen ahalegin bat orekatzeko, ez sobera ezkorra izateko eta betiere bizitzaren aldeko apustu bat egiteko», ziurtatu du. Istorioaren muina, Mattinen hitzetan, Lokatzak aldarrikatzen duen “Errotu... bestela, erotu!” esaldian legoke, «nonbait errotu beharra izaten dugulako eta Lokatzak ere helduleku bat behar du; kasu honetan ortua da bere heldulekua eta zarrakamalda horretarako baliatzen du». Ortua eraikitzearen ideia, ordea, uste baino zailagoa egingo zaio eta bide horretan lagun izango ditu Gauenara tabernako lagunak zein alboko ortuetako kideak: horiekin batera joango da Lokatza, apurka-apurka, ortua fruituak ematen hasten deneko ziurtasun beraz, aurrean duen etorkizuna garbiago ikusten. Ahalduntze grafikoa “Zarrakamalda” ez da enkarguzko lana izan. Egin behar zuela sentitzen zuelako egin duela azaldu du. Lana eman diola, baina pozik dagoela emaitzarekin. «Barrenak eskatzen zidan horrela egitea, helduentzako istorio luze bat, eta publikoa, baita editorea ere, harrituta geratu dira luzerarekin. Nire ahots propioa aldarrikatu nahi nuen eta izan da ahalduntze lan handi bat. Ahalduntze grafikoa. Hau ere badelako, nolabait, komikiaren aldeko hautu bat baita», ziurtatu du. Zentzu horretan, bai testua osatzean bai binetak diseinatzerakoan kontakizunari arnasa ematen ahalegindu dela baieztatu du, «ez sobera itogarria izateko; patxada izatea nahi nuen, erritmoa moteldu». Hala, testurik gabeko binetak baliatu ditu kontakizuna leuntzeko eta testuetan hitz jokoak erabili ditu, umore puntuak lortzeko. Eta irakurleak esker oneko izan dira: «Askok aipatu didate tonuarena, umorearena, eta hitz jokoena, testuaren aberastasun hori. Baita zintzotasuna ere». Eta zintzotasun hori baratzeak ere baduela iruditzen zaio: «Hor bada gauza instintibo bat. Krisialdiak eta desilusioak izaten ditugu eta, horien aurrean, baratzea egiazko gauza bat da: barazki bat har dezakezu eta hori egiazkoa da, hainbesteko konfusioa daukagularik baratze batek ematen dizu zintzotasuna, benetakotasuna». Bide horretatik, berak ere baratzea izana duela eta elikadura burujabetzaren ideiarekin bat datorrela aipatu du, «norberak egin behar baitu ahalegin bat uzta biltzeko; beharbada ohituta gaude ahaleginik gabeko mundu batean bizitzen», egin du gogoeta, eta lurra lantzen lan egiten dutenen ofizioaren aldeko aldarrikapena ere egin du: «Lurraren langilegoa erreibindikatu behar dugu, prestigiatu lanbide gisara». Lehen komiki liburua osatuta, bigarrenerako buruan bueltaka zenbait ideia badituela ere iragarri du: «Baditut tiraderan gidoi batzuk eta Belardo bera ere jeloskor samar jarri da Lokatza dela eta...». Eta, bidea gogorra izan bada ere balantzea positiboan geratu dela nabarmendu du: «Irribarretsu banago ere lan nekosoa izan da, baina horrelakoa da bizitza, ahaleginik egin gabe ezin da uztarik bildu».