GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Ausardiarengatik


Pertsona batzuen ibilbidea sinesgaitza izaten da, gehienen bizitza nahiko arrunta delako. Alderdi guztietatik pertsona bat goraipatzen entzuten delarik, susmagarri ikusten da. Simone Veil-en kasuan, bizia heriotza kanpamentuetan hasiz, bertan familiaren erdia utziz, bizitza osorako gertakari nahiko dela pentsa daiteke. Baina Simone Veilen bizitza begiratzen delarik, errespetua sentitzen da. Umiliazioa bizi ondoren, heriotza oso hurbil ikusi eta gero, ibilbide ohargarria egin zuen, ministro kargutik Europako Parlamentuko lehendakaritzaraino... Gizartearen gailurrean, gizonen munduan emazte ausarta, mundu ilunetatik pasatu ondoren goi mailako argietara heldu zen.

Emazte askoren bizipenak entzun ondotik, abortuaren aldeko legea frantses Parlamentura ekarri zuen. Ez zen hutsik gabeko emaztea, ez zen nire hurbileko politikaria, baina bere tokitik emazte askori sufrimendu bortitza kendu zien. 1943an burua moztu zioten azken aldiko abortua praktikatu zuen emazte bati. 1944an Frantzian emazteek bozkatzeko eskubidea lortu zuten. Hogeita hamar urte iragan ziren eskubide berria lortu aitzin. Eskubide berria gauzatu zuen. «Emazteak entzun!», hauxe zioen. Aldaketa handia izan zen, agintean zelarik eskubidea landu, defenditu eta abortua legean sartu zuen. Gizonek egin zuten legea, presondegira edo hiltzera zeraman lege hura, desegin eta emazte bakoitzak bere gorputzaz zer egin erabakitzeko askatasunari atea irekitzen lagundu zuen. Bere alderdikoak legearen aurka izanik ere, legea pasatzeko nahiko boz lortu zuen. Ausardiaz.

Alarde parekidea ikusten delarik, hogei urteren buruan zer-nolako erresistentzia sortzen duen normaltasunez begiratu behar litzatekeen hautuak, emazteari eskaintzen zaion tokia galdekatua dela nabarmena da. Horregatik, horren alde borrokatu direnak, emazteak askotan, eskertu behar dira. Emazteen bizitzaren kontrola, gizartearen antolaketa iraunkorra, emazteen esku ez dela egongo erraten digute. Pareta hori bota duten emazteentzat ez dute Panteoian sartzeko aukera eskatuko baina Euskal Herriko emazteentzat, egin duten bidearengatik, Panteoi berria merezi dute. Ausardiarengatik.