GARA
DONOSTIA

Sebastiao Salgado-ren «Genesia» jantziko du Donostiako Zurriolak

Formatu handiko 38 argazkik osatzen dute “Sebastião Salgado. Genesia. Kaleko artea”, abuztuaren 29ra bitartean Donostiako Zurriola pasealekuan ikusgai egongo den erakusketa.

Argazkilari brasildarrak gai globalak oinarri hartuta egiten duen hirugarren proiektua da “Genesia”; “Langileak” eta “Exodoak” aurreko lanetan ere ildo beretik aritu zen. Bi horietan, mundu mailako ezberdintasunak agerian jartzeko asmoz giza egoera erretratatu zuen hizkera plastiko pertsonal eta poetikoa erabilita.

“Genesia”-n, aldiz, gizakiarengandik urrundu eta naturan jarri du begirada, giza egoera horiez bestelako optika batetik hitz egiteko. Hala, oraingoan artista brasildarrak gizakiak planetako natur baliabideengan duen eraginaz hausnarketa egiteko bidea ematen dio bisitariari.

Salgado 1944. urtean jaio zen Minas Gerais-en (Brasil) eta, Ekonomia ikasi zuen arren, 29 urte betez geroztik argazkilaritzara emana bizi da. Sygma eta Gamma argazki-agentzietan eman zituen lehen pausoak eta, horren ostean, 1979tik 1994. urtera bitartean Magnum Photo entzutetsuan aritu zen. Urte horretan Leila Wanick-ekin batera bere argazki-agentzia, Amazonas Images, eratu zuen: bertan, Salgadoren lanak baino ez dituzte jorratzen. 2001ean Unicef-eko enbaxadore izendatu zuten eta hainbat sari jaso ditu.