GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

EAJ-PNVren balkoiak


20 urte baino gehiago dira Irungo eta Hondarribiko hainbat gizon eta emakumek beraien herriko festetan parekidetasunez, diskriminaziorik gabe, parte hartzeko determinazioa hartu zutela. 20 urte hauetan denetarik pairatu behar izan dute: Denetarik. Ez noa horretan gehiago sakontzera, zerrenda luzeegia eta mingarriegia baita oraindik baten batek gaitz horretan atsegin hartzeko. Ordezkari publikoa naizen aldetik, erakunde publikoen jarrera salatzeko beharra ere ikusten dut, eta ez soilik Irun edota Hondarribiko udalena. Erabat salagarria baita, nola ez, urte hauetan guztietan Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurreko agintaldiko salbuespen txalogarriarekin, eta Eusko Jaurlaritzak izan duten jarrera.

EAJk kudeatu dituen eta kudeatzen dituen erakunde horien guztien aldetik ez da inoiz egon estrategia bat arazo honi, gatazka honi, benetako konponbidea emateko. Beharbada, justu kontrakoa baiezta genezake: Estrategia, kalkulagailua eskuan, arazo honetatik etekin politiko/ elektoralik handiena ateratzeko izan da. Antzeko zerbait esan genezake PSEren jarrerari buruz. Bi udal hauek, alardearen afera sortu zenetik, etenik gabe gobernatzen aritu baitira.

Hala ere, 20 urte baino gehiago igaro dira eta, argi dago, alderdi hauen barruan mugimendu txiki batzuk ere atzeman daitezke: Denis Itsaso PSEko diputatuak bi urtez jarraian harrera egin dio Alarde Parekideari eta EAJko kargudun publikoren batek Alarde Parekidean parte hartzen du, normaltasun osoz. Izan daiteke benetan beste jai eredu baten alde urratsak egiteko prest daudelako edo, soilik, kalkulagailua eskuetan, jendartearen sektore ezberdinei keinuak egin nahi dizkietelako. Edonola ere, ongi etorriak festak parekidetasunaren alde emandako pauso guztiak, txikiak izanda ere.

Baina, noiz arte egoera jasanezin honekin? Noiz arte zapalkuntza harreman honen pean? Noiz ahalko dute emakumeek, parekidetasun egoera batean, Irungo zein Hondarribiko festetan parte hartu? Baikorrak gara. Ziur aski, oraindik sufrimendu eta malko asko ikusteko izango gara, baina hasitako bideak ez dauka atzera bueltarik, apurka-apurka, eta oso mantso doa borroka, Bidasoko festetan emakumeek irabazitako espazioa betirako izango da. Eta, zalantzarik ez dugu, oraindik irabaziko duten eremua askoz handiagoa izango da. Borroka ez da alferrik gertatu, borrokak beti bere fruitua ematen du, kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren. Ezin izango dugu inoiz ordaindu Irungo Alarde Parekideko eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiako emakume eta gizonek jendarte justuago baten alde egindako guztia. Aldaketak badatoz, eta horren ikur txiki aurten Irungo Batzokiaren balkoiak emandako irudia dugu: beheko balkoian EAJko emakumeek Alarde Parekideari bizkarra ematen dioten bitartean, goiko balkoikoak, txaloka.

Bertakoa izan behar omen da Irungo eta Hondarribiko festak ulertzeko. Bertakoa, antza, Irungo batzokiko balkoian ikusitakoa ulertzeko. 20 urtez irudi bera, EAJk inongo arazorik izan ez duena larderia hori kudeatzeko. 20 urte baino gehiago igaro ondoren, 2017an, EAJk arazo itzelak erakutsi ditu Bidasotik harago bere batzokiaren balkoiaren irudiak azaltzeko. Irungoa izan behar omen da Alardea ulertzeko, baina Irundik harago EAJ emakumeekiko erakutsitako jarrera azaldu ezinik ibili da eta, Twitterren zabaldutako irudiek erakusten zuten errealitatea justifikatu ezinik, argazkia bera kriminalizatzen saiatu dira, argazkia manipulatuta omen zegoelako.

Antza, eta ikusitako hainbat argudiori jarraituz, errealitatea azaltzeko batzoki osoa erakusten zuen argazkiak soilik balio zuen. Antza, beheko balkoia soilik erakusten zuen argazki moztua manipulatzailea eta ez-zilegia da. Twitterren zabaldutako irudiek, hain zuzen, hori bera salatu nahi zuten. Argazki osoarekin, jeltzaleen moral bikoitza, goiko balkoian errespetua, beheko balkoian mespretxua. Argazki moztuan, azpimarra bakarrik jeltzale batzuen jarrera nazkantean eta guztiz salagarrian jarri nahi izan da. Era berean, ez batak ez besteak ezin izan du errealitate osoa jaso. Ez batak ez besteak ezin izan dute, adibidez, Irungo EAJren presidentearen irudia jaso, Alarde Parekidea antzematean hanka egin baitzuen balkoitik barrura.

Argazki orok foku bat dauka, ikuspegi bat ematen du eta beste asko kanpoan uzten ditu. Argazki orok zerbait erakusten du, gauza asko ezkutatzen dituen bitartean. Baina, hala ere, ez nintzateke ausartuko argazki oro manipulazio hutsa dela esatera, onartuta ere argazkilaritzan errealitatearen izugarrizko manipulazioak egiten direla egunero. Zoriondu baino ezin dut, beraz, Eusko Alkartasunako gazteriak, Gazte Abertzaleek, egindako eta beren Gipuzkoako Twitter kontuan zabaldutako Irungo Batzokiaren argazki osoa, originala. Baina, onar dezagun Twitterren bolo-bolo ibili den argazkia eta milaka ikustaldi izan dituena bestea izan dela, hain zuzen, fokua, enkoadrea, batzokiaren lehenengo balkoian jarri duena. Eskertu beharko diot, era berean, Mikel Jauregiri, GARAko kazetariari, bera izan delako fokua aldatuta duen argazkiaren egilea aipatu duen txiolari bakarra.

Foku horrek erakusten duen errealitate zati hori, objektiboa eta eztabaidaezina, 20 urtez konstantea izan dena, EAJk ezin izan du azaldu. Ez eta EAEko lehendakariak edota Gipuzkoako diputatu nagusiak ere. Eztabaida argazkiaren tamainan jarriz, jarrera justifikaezina enkoadretik kanpo utzi nahi izan dute. Eta guk, kamerako objektiboa irekitzean, parekidetasunean eta errespetuan oinarritutako festen argazki osoa ikusi nahi dugu. Ordura arte, jarraituko dugu eskubide urraketak enfokatzen.