GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Sare intersubjektiboa


Sormena kudeaketa eta ekonomiaren ikuspegitik ikertuz gero, klase akademiko israeldarrak liluratuko zaitu. Sormenaren ulermen eta aplikazioa, enpresen egunerokoan, coaching saltzaile mistikoz beteriko bazar bat da. Baina maila zientifikoan, israeldarrentzat, fikzioa sortzeko gaitasuna ikertzea errealitatea ulertzea baino garrantzitsuagoa da. Ulergarria, Bibliako fikzioa errealitate bihurtzea helburu duen estatuan.

Pentsamendu intersubjektiboa deitzen diote gizakia elkarlan masibora bultzatzen duen fikzio konpartituari. Lehenengo sare intersubjektiboa erlijioa izan zen. Hasteko, fikzio konpartitu nagusia dago, Jainkoa; ondoren, pizgarri ekonomikoen ezaugarriak dituzten bigarren mailako fikzio konpartituen bidez (hil ondorengo paradisua ala infernua saihestea) gizakien elkarlan masiboa sortzen da (mezetara doanetik, gerra santuko kamikazera).

Bitxia da; sare intersubjektibo bat eraikitzeko orduan garrantzitsuena pizgarri funtzioa betetzen duten bigarren mailako fikzio konpartituak dira, ez fikzio nagusia. Horrek azal lezake zergatik nagusitu zitzaion, zoritxarrez, Sabinoren Euzkadi fikzioa, jakintzan oinarritutako Campionen Nafarroari. Sabinok elkarlan masibora bultzatzen zuten bigarren mailako fikzio konpartitu eraginkorragoak sortu zituen (Campionek baino paradisu hobeak eta infernu lazgarriagoak). Diskurtsoaren egia maila eta arrazoiak ez daukate loturarik bere arrakasta sozialarekin. Laguntzen dioten pizgarri ezaugarridun fikzioak dira benetako borroka-zelaia.

Frankoren diktaduran “herria eta askatasuna” fikzio konpartitu nagusi berriak elkarlan masibora eraman zuen euskal gizartearen zati handi bat, pizgarri ezaugarridun fikzio laguntzaileen beharrizanik gabe; hain zen jasangaitza zapalkuntza... XXI. mendean, fikzio nagusira bueltatzen saiatu eta pizgarri funtziodun fikzio konpartituak asmatu beharko ditugu, lehenengo aldiz.

Gizakiak masiboki eta eraginkortasunez mugiarazteko, irudimenak gehiago balio du arrazoiak baino.