GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Katalunia, gertuegi?


Laurogei egun falta dira erreferenduma egiteko. Kataluniakoa, noski; gu pozik geundeke laurogei aste faltako balitzaizkigu. Hiru hilabete baino gutxiago, katalanek euren etorkizuna erabaki dezaten, edo Estatu espainolak indarrez hori eragotz dezan, eta, hala ere, giroa epel baino hotz ikusten dut. Euskal Herriko giroa, noski.

Egia da ordezkari politiko batzuk –EH Bilduz ari naiz, hortik haragokoa lugorria baita– Kataluniako auzia nabarmentzen ari direla, eta Gure Esku Dago-k hainbat keinu egin dizkiola herri senidetuari, baina oro har gai hau hainbestean igarotzen ari da internazionalismoa ikur duen herri honetan. Kalean, sare sozialetan... Katalunia ez da trending topic gurean. Txupinazoan izan zen, gaitz erdi.

Izan daiteke oraindik ez garela jabetu han jazotakoak izango duen eraginaz. Zaila da sinesten. Izan ere, imajina ze abagune sortuko litzaiokeen gure herriari Kataluniako prozesua arrakastaz burutu eta estatu independente berria eratuko balitz. Edo, buelta emanda, agintari espainolek dena indarrez zapuztuko balute. Armadaren mamua paseoan atera dute jada, badaezpada. Zer esan prozesuak bere kaxa porrot egingo balu, hasi orduan hemen antzeko zerbait antolatzen... asko dugu jokoan.

Izan daiteke ere Katalunia gertuegi dugula. Alegia, batzuetan errazagoa zaigula bost mila kilometrora dagoen herrialde batean fijatzea, bostehun kilometrora dagoen batean baino. Urrun dagoen horrek ez gaituelako interpelatzen; hain dira desberdinak gure gizarteak, asebeteta geratzeko nahikoa dugula iritzia eman edo elkartasuna adierazi. Baina Kataluniak begietara begiratzen digu, egingarria izan daitekeen bide-orri moduko bat eskaintzen digu. Epika handirik gabea, baina egin daitekeena. Eta egingarria bada, zaila da ez egiteko aitzakia merkerik topatzea. Eta, akaso, nahiago dugu lelo borobildun pankartak eskegi edo hamaika harridura ikur dituzten esaldiak txiokatu. Eta listo, etxeko lanak eginda.

Tira, euskal herritarrak gai gara aldi berean gai, auzi edo herrialde bati baino gehiagori babesa adierazteko, baina gaur egun Europan Errepublika Katalana sortzea baino ezer iraultzaileagorik ba al dago?