GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren begiruneak


Musika objektu bezala erabiltzen dugunean gauzaez bihurtzen dugu, eta bere izaera nagusia galdu egiten du. Une horietan, beraz, musika gutxiesten dugu, zentzua urratu eta kendu.

Musika ez da bakarrik entzuten dugun hori. Ez dut topikoan erori nahi baina horrelako zerbait pentsatu nuen Madrileko Mad Cool jaialdian Pedro Aunion Princeren “Purple rain” abestiarekin airezko dantza egiten ari zen bitartean erori eta seko geratu ondoren arduradunek ekintza isildu baino ez zutenean egin. Istripu latza, zuzenean ikusi zutenak zurbil geratu ziren. Jaialdiak, besterik gabe, bere horretan segitu zuen, ezer gertatu ez balitz bezala. Larderiaz jokatu zuten Mad Cool jaialdiaren kudeatzaileak eta Poliziak, ez zuten inolako begirunerik adierazi momentuan, bukatu ondoren doluminak eta abar.

Ez omen zuten amaitutzat jo segurtasun aitzakiak eta protokoloak argudiaturik. Jendea oldartuko ote zen beldur eta istiluak eragin, jaialdia bertan behera utziko balitz. Zorigaitza gertatu eta segituan jo zuen Green Day taldeak, inork ez zien ezer esan heriotzaren inguruan. Berria entzutean taldeak idatzi zuen jakin izan balute ez zutela joko, errespetuz eta begirunez. Ez da erraza bertan behera uztea horrelako jaialdi bat dakartzan buruhauste ekonomikoak kontuan hartuta. Bertako langileek ere ez zuten lanuzterik egin beste lantegietan horrelako heriotzen aurrean egiten den antzera, Azpeitikoa azken adibidea.