15 JUIL. 2017 Harri-jasotzea Irigoien faborito dela jokatuko da final nagusia Lopetegi, Izeta IV.a, Eizagirre, Peñagarikano eta Perez ere lehiatuko dira Gipuzkoako txapelaren bila. Jon LEUNDA Gipuzkoako harri txikien Txapelketa jokatuko da bihar 18.30ean Alegian, Larraitz plazan. Bertan Aimar Irigoien izango da protagnista nagusia, bera menderatzea oso zaila izango baita gainerako guztienzat. Baina, oraingoan, beste protagonista bat ere izango da, izan ere Elias Perez hondurarra lanean izango baita. Amerikarra Azpeitian bizi da, eta han ikasi du harriak jasotzen. Aipaturiko bi harri-jasotzaileez gain, Iñigo Eizagirre, Izeta IV.a, Mikel Lopetegi eta Xabier Peñagarikano ere izango dira lanean. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko dituzte, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izango dituzte. Aimar Irigoien da faborito nagusia eta bakarra, ezeren okerrik ez duela, oso zaila baita bera mendean hartzea. Bigarren posturako borroka izango dela ematen du. Zaleek Mikel Lopetegi gaztea ikusteko gogoa daukate. Zarauztarra oso gaztea izan arren, sekulako maila ematen ari da, eta harri hauek oso egokiak, dira, gainera, beretzat. Izeta IV.a izango da, seguraski bere aurkari nagusia, eta bi zarauztarren arteko dema hau oso polita izan daiteke. Biak, gainera, saiatuko dira Aimar estutzen. Ikusmina Ikusmina dago baita ere Elias Perez ikusteko. Hondurasko harri-jasotzailea aritu da erakustaldiak egiten, baina aurreneko aldiz ikusiko da lehiaketa batean. Orain dela urte bete GARAri eskeini zion elkarrizketan iragarri zuen ezeren okerrik ez baldin bazen aurten harri txikien txapelketan aritzeko asmoa zeukala, eta ez du hutsik egin, Alegian izango baita. Ikusgai dago bere lana nolakoa izango den, baina amerikarra lehiaketa ofizialetan ikustea oso berri ona da. Garbi dago kirol hau ere ez dagoela gaizki, gazte jende ugari ari baitira entrenatzen, eta dudarik gabe, Goenatxo, Ostolatza, Izeta edo Telleria egiten ari diren lanaren eraginak nabariak dira, sekulako indartua eman baitie harri-jasotzeari. Hala ere, Eizagirre eta Peñagarikano ere ezin dira bazterrean utzi behar, biak ere oso maila onekoak baitira. Peñagarikano mutil handia eta indartsua da, eta hura ere aurrean sartzen saiatuko da. Eizgairrek ere lan on bat egin eta ahalik eta posturik onena lortzera joango da. Harri-jasotzearekin lotuta, bi marka saiakeren berri ere eman da ezagutzera aste honetan, eta hemen ere bi gazte izango dira lanean jardungo direnak. Aian izango da uztailaren 23an, eta han lehiatuko dira Imanol Illarramendi eta Gorka Etxeberria. Aurrenekoa 216 kiloko harri errektangularra bi eskurekin, eta 170eko zilindroa esku batekin jasotzen saiatuko da. Etxeberria, berriz, 170-175 kiloko errektangularra jasotzen saiatuko da. Hiruna minutuko txadak izango dituzte. Vicente eta Rekondo, aurrez aurre Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar 13.00etan Zornotzan, bertan neurtuko dira Iker Vicente eta Jon Rekondo. Otsagabiakoarentzat lehiaketa honetako bigarren neorgehiagoka izango da. Aurrenekoa Hernanin jokatu zuen, eta irabazi egin zuen Ugaitz Mugertzaren aurka. Jon Rekondorentzat, berriz, lehenengo saioa izango da. Neurketa hau irabazteko faboritoa Iker Vicente izango da. Bigarren garaipena lortzen baldin badu, bakar-bakarrik geratuko litzateke sailkpeneko lehen postuan. Galduta ere aurrena jarraituko luke, nahiz eta Jon Rekondo baino saio bat gehiago jokatuta geratuko litzateken. Lau aizkolari dira lehiaketa honetan parte hartuko dutenak, Urrezko Aizkorako lau finalistak dira, eta lehiatzen hasteko falta den aizkolari bakarra Aitzol Atutxa da. Bera da, gainera, egungo txapeldua, eta baita aurtengoa irabazteko faborito nagusia ere. J.L. HONDURASKOAHonduraskoa da Elias Perez, eta bihar Alegian jokatuko den Gipuzkoako finaleko protagonista nagusietako bat izango da. Azpeitian bizi da, eta han ikasi du harriak jasotzen. Aurreneko aldiz arituko da lehiaketa ofizial batean.