18 JUIL. 2017 sokatira Goiherri taldeak irabazi du denboraldiko hirugarren txapela ere J.L. Goiherrik denboraldiko hirugarren txapela jantzi zuen Zornotzan. Aurretik 680 eta 640ko txapelak zeuzkan irabazita, eta oraingoan 600ekoa izan da. Jokatu diren hiru mailetan nagusi izan da Erandioko taldea. Hasi aurretik ere bideratuta zeukan garaipena talde berdeak. Azkeneko jardunaldian ez zuen irabazi, baina berdinduta geratu zen Gaztedi A taldearekin, eta hori nahikoa eta sobera zuen garaipena eskuratzeko. Gaztedi B sailkatu zen oraingo honetan hirugarren postuan, eta Goiherri B, berriz, laugarren. Ezustea Getxok eman zuen bosgarren postua lortuz, Mutrikuren eta Akelarreren aurretik. Postu hauetarako borroka handia izan da. Sailkapena Mutrikuk eta Akelarrek itxi zuten, berdinduta amaitu baitzuten jardunaldia. Ondorioz, sailkapen nagusian berdinduta geratu ziren hirugarren postuan Goiherri B eta Gaztedi B, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hori Goiherri B taldearentzat izan zen. Beraz, Goiherri A izan da txapelduna, eta atzetik, Gaztedi A, Goiherri B, Gaztedi B, Mutriku, Akelarre eta Getxo sailkatu dira. Harri-zulatzea Harri-zulatze Ligako jardunaldia, berriz, Kabiezesek irabazi zuen herenegun. Lehia ikaragarria izan zen lehen postu horretarako; izan ere, aurreneko hirurak oso tarte txikian sartu baitziren. Kabiezesek, 12 zulo eta 12,06 zentimetro zulatu zituen. Bigarren, Errekatxo sailkatu zen, eta atzetik, Burdin Gazteak, Aldai Alde, Piratak eta Kz Kolpeka. Sailkapen nagusian, Aldai Aldek jarraitzen du lehen postuan, eta aldetxoa ateratzen dio bigarren postuan doan Burdin Gazteak taldeari.