20 JUIL. 2017 IKUSMIRA Merezitako Txosnisaria AEK-ri Ion Salgado Abuztuaren 4an, Zeledon Andre Maria Zuriaren plazara heldu ondoren, Gasteizko Txosna Batzordeak AEK-ri aurtengo Txosnisaria emango dio. Hainbeste urtetan zehar egindako lanagatik emango dio saria; izan ere, euskaltegiak ezinbestekoak izan dira hiriko jaiguneak euskalduntzeko. Lan handia egin dute kalean euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko. Duela urte batzuk zaila zen Gasteizko erdigunean euskara entzutea. Jende gutxik zekien euskara eta B eta D ereduak ez zituzten ikastetxe guztiek eskaintzen. Itunpeko eskola batzuetan joan den mendeko azken hamarkadan zabaldu ziren B eta D ereduak, eta ordutik ona hizkuntzaren erabilerak hazkunde nabarmena bizi izan du hirian. Soziolinguistika Klusterrak egindako Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren arabera, euskararen erabilera igo egin da Gasteizen eta gaur egun %3,7koa da. Arabako hiriburuan Iruñean, Bilbon edo Baionan baino euskara gehiago entzuten dela esan nahi du horrek. Eta egia izan liteke, auzo berrietan guraso gazteek euskaraz hitz egiten dutelako beren seme-alabekin. Salburuan, Zabalganan eta beste auzo askotan euskara bizi-bizirik dago. Umeek ikastoletan eta eskoletan B eta D ereduetan ikasi dutelako; horien gurasoek, aukera eduki badute, ikasleak zirenean euskaraz hitz egin dutelako; eta aitona-amonek euskaltegiei esker euskara helduak zirenean barneratu dutelako. Bikaina izan da euskaltegiek egindako lana, eta horregatik ondo merezia du AEK-k Txosnisaria, Korrikak 20 urte bete dituen honetan.