Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
aPERITIFa...

«Karrikaldiari esker euskal kulturak plaza hartu du Baionako bestetan» . jean-marc Landarretche

Jean-Marc Landarretchek berehala aitortu digu «txapel bi» dituela. Urtean zehar, segurtasuna du ardatz, Mendiboure auto-eskolaren arduraduna baita. Alta, Baionako bestetan, frenoa zapaldu baino, jai giroari bide ematen dio. St Etienne industrialdean duen bulegoan hartu du GARA, bestak abiatzear zirelarik. Han hasten baita bere urteroko errituala.

«Asteazkenean, oso goiz etortzen naiz honat, laneko azkeneko kontuak egiteko, eta ahal den eta fite, bestara!». Baionako azoka aldean zain zuten, atzo. Munduko piper moletaren (tortilla) xapelketa egiten da bertan eta Landarretchek, mikrofonoa eskuetan, esatari gisa jarduten du ekimen gastronomikoan, «euskarak bozgorailu guztiak behar dituelako».

Dantza eta kanta

Orai Bat dantza taldean jardun zuen gaztetan, eta elkarte horren eskutik Baionako bestetara hurbildu zen lehen aldikoz. Ibaialde arraun taldeko kide bezala, bestetako berpiztearen lekuko izan zen. «Garaian besta gauez baizik ez zen egiten, baina hainbat elkarte hegoaldera begira jarri ziren, adin ezberdinetako jendea erakartzeko gai zatekeen egun osoko egitaraua osatu behar zelakoan». Anartean Dantzazpi sortu zuten Baionan, ordu zehatz batean, euskal dantza egiteko aukera eskainiz. Baionan Kantuz etorri zen ondotik, dantzaren ostean eztarriak berotzeko aukera eman zuelarik. Egun Jacques Portes plazan egiten den Karrikaldia «dantza eta kanta aldizkatzen duen bilduma aberatsa da, euskal kulturari une azkar bat eskaintzen diona». Landarretcheren hitzordurik kuttunetakoa da. Alta, badu bertze «momentiko» bat. «Larunbat eguerdian, Or Konpon peñan elkartzen gara eta zinez atsegina da». Edonola ere, despedidan dioenez, urteetan ikusi ez duen lagun bat agurtzeko parada duen une oro goxoa da berarentzat.