31 JUIL. 2017 sokatira Lehen saioko garaipenak txapela eman dio Gaztediri J.L. Gaztedi A taldeak 560ko lehen jardunaldian lortutako garaipena nahikoa izan du mailako Euskal Herriko Lur Gaineko txapela eskuratzeko. Bigarren jardunaldian bezalaxe, hirugarrengoan eta azkenekoan ere berdindu egin du Goiherri A taldearekin, baina hasi aurretik zuen puntu bateko alde horri eutsi egin dio. Azken jardunaldia emozio handikoa izatea espero zen, eta halaxe izan zen. Gaztedik Goiherrirekin berdintzea nahikoa zuen txapela lortzeko, eta horixe egin zuen. Gainerako talde guztiei irabazi egin zieten bi taldeek, eta euren artekoa erabakigarria iza zen. Hor berdindu egin zuten, eta horrekin txapela Gaztedik eraman zuen, eta Goiherrik bigarren postua. Hirugarren posturako ere dema ikaragarria zegoen, eta hor kitarakoa jokatu behar izan zuten. Goiherri B eta Gaztedi B aurreko bi saioak berdinduta zeuden, eta oraingoan ere gauza bera egin zuten. Aurreko biekin galdu eta Akelarre hartu zuten mendean. Ondorioz, kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hor Goiherri B hobea izan zen bi tiraldiak irabazita, eta ondorioz beretzat izan zen hirugarren postua eta Gaztedirentzat laugarrena. Aurreko bi jardunaldietan bezalaxe, oraingoan ere Akelarre izan da denetan ahulena jokatutako tiraldi guztiak galduta eta sailkapena itxiz, bai azkeneko jardunaldian, baita sailkapen nagusian ere. Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa gaur amaituko da, 600eko mistoekin. Talde bakoitzean lau mutilek eta lau neskak jokatu beharko dute eta 11.30ean hasiko da Laukizen. Gaztedik hiru talde eramango ditu eta bat Goiherrik. Gaztedi etxean arituta, eta hiru talde aurkeztuta, irabazteko faboritoa izango da, baina Erandiokoek gauzak zail jarriko dizkiote. Orain arte jokatu diren lau mailetatik hirutan Goiherri gailendu da eta batean Gaztedi.