GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Turistak nora datozen


Turismoa hizpide dugu azkenaldian. Tira, azkenaldian ia turismoaz bakarrik hitz egiten da hemen inguruan. Eta esan eta idazten diren ganora gabeko kontuak ikusita, gomendagarria iruditzen zait Oihane Larretxea lankideak duela gutxi egindako erreportaje sorta bikaina irakurtzea.

Normala da turismoa ardura iturri izatea, gero eta eragin handiagoa duelako gure hirietan eta bizimoduan. Ondorio batzuk ezagunak dira: gentrifikazioa, prekarizazioa eta herri eta hirien itxuraldatze urbanistiko eta soziala. Edonola ere, urrun gaude Herrialde Katalanetako kostaldeak duen egoeratik. Alacantetik Gironara, Tarragonatik Mallorcara, basakeria egin dute. Eta horretan euskal turistok –asko gara– erantzukizun kuota onartu nahi ez badugu, aitortu beharko dugu arazoa ez direla (garela) turistak, baizik eta lekuko agintarien eredu turistiko eta ekonomikoa.

Ni ez naiz dena beltz edo zuri ikustearen zale, eta zenbaki makroez harago turismoak, ondo kudeatuz gero, herri honi gauza onak ekar diezazkiokeela uste dut, batez ere bere nazioarteko ezagutzan. Ildo horretan, Bilboko gune turistikorik garrantzitsuenetakoa Salamancako hestebeteak saltzen dituen denda bat izateak arduratzen nau, edo aurrekoan bikote batek ea “tapa” goxoak non jan zitzakeen galdetzeak. Izan ere, gurera zenbat turista datozen bezain garrantzitsua izan daiteke nora datozen edo eurek nora datozela uste duten. Eta etxeetara horren jakitun itzultzea gure esku ere badago. Gogoan daukat pankarta bat: «Tourist, remember; you are not in Spain nor in France. You are in the Basque Country. Welcome». Agian mezu hau beste batzuk baino hobeto ulertuko dute.