10 AOûT 2017 IKUSMIRA Azken judizioko kondena Mikel Zubimendi Kazetaria Estresatuta, alarmaturik egoteko arrazoiak ez zaizkigula falta diostazu. Ez duela axola zein ondo informatuta gauden, ez garelako sekula behar bezain alarmatuta egongo. Azeleragailua zapalduta goazela, kondenaturik. Eta gure gaztetxoen bizitzan zehar etorriko dela hondamendia. Apokalipsia datorrela, erremediorik gabe. Arazo potoloa dela, planetaren tamainakoa. Klandestinoki ezkutatuta dagoela, gainera. Neurriak har daitezkeela, aurre egiteko programa bideragarriak aztertu, isurketak gutxitu eta abar, baina, jada, beranduegi dela, azken judiziora iritsi garela. Eta ez eskatzeko zuri baikorra izatea, ez esateko beldurrik ez sartzeko, horrek ez duelako funtzionatzen eta abar. Sinpleki, beranduegi delako. Gu geu, gure eragina, dela prozesu horren turbo motorra. Euri-oihanetan lehorteen errekorrak hausten ari direla urtetik urtera. Elikadura bukatzen doala. Artikoa, Groenlandia urtuko direla, munduan isurtzen den metano guztiaren bikoitza askatuz. Salbaziorako ez dela kostaldetik ospa egitea aski izango. Ez dagoela atzerabueltarik, Miami, Zarautz edo Bangladesh desagertu egingo direla. Ez tourist go home ez kristorik, milioika migratzaile klimatikoren oldeak direla etorkizuna. Itsaso pozoitua, airea arnastezin, eta, gerrak, betiereko. Baina badakizu zer? Gizakion berezko asmamen eta ahalmenetan konfiantza dudala. Eta ilargia zapaltzeko edo ozono geruzan zulo handiak estaltzeko gai bagara, aterako garela oraingoan ere. Deskalabru honetaraino ekarri gaituen bidea asmatu badugu, nola edo hala bertatik eskapatzekoa zergatik ez dugu asmatuko? Non dago, zeinek idatzia, kondena hori?