GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Vicente eta Saralegi izan dira Sunbillako onenak

Latasaren Oroimenezko Torneoko bi gazteenek sekulako lana egin zuten, eta amaieran bi minutu kendu zizkieten bigarren postuan sailkatu ziren Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxari. Saioa ona izan zen.


Iker Vicentek eta Ruben Saralegik irabazi zuten herenegun ilunabarrean Sunbillan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa. Eurak ziren lehiaketako bi aizkolaririk gazteenak, baina ez zuten barkatu, eta txapelak buruan zituztela amaitu zuten saioa. Oraingoan ere zaleek sekulako erantzuna eman zuten, eta Sunbillako pilotalekuko harmailak leporaino bete ziren. Bikote bakoitzak 10 kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Saioa oso ona izan zen, izan ere, horrelako lanak egin eta gero, denak bost minutu baino gutxiagoko tartean sartzea oso polita da, eta horrek emozioa izan zela esan nahi du, eta honelako txapelketak ikustera doan jendeak ere horixe nahi izaten du, gauzak estu joatea, eta ia amaierara arte ezer ez erabakitzea, eta oraingoan horixe gertatu zen, eta bosten artean, gainera, alde handirik gabe.

Iker Vicentek eta Ruben Saralegik sekulako maila eman zuten, eta ongi merezitako garaipena lortu zuten. Bikain hasi ziren, hasieratik atera nahi zuten aldea, baina gainerakoak ere gainean izan zituzten. Gero, Atutxak eta Mugertzak ere bolada batez lehen postua hartu zuten, baina beherakada bat izan zuten, eta berriro ere bi gazteak lehen postuan jarri ziren, eta hortxe amaitu zuten, garaipen oso ona lortuz.

Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza ere ongi aritu ziren, baina amaiera alderako biak apur bat jaitsi egin ziren, nekearen ordaina jaso zuten, eta hor joan zitzaizkien garaipena lortzeko izan zitzaketen aukera guztiak. Asko zeuden baita ere Arriari eta Otaegiri begira, iazko txapeldunak baitziren. Bikote gipuzkoarra oso ongi hasi zen, eta aurreneko enborretan lehen postu horren borrokan ere aritu ziren, baina gero behera egin zuten, eta azkenean sailkapena itxi zutenak izan ziren.

Larrañaga eta Azurmendi, berriz, ia beti erdialdean ibili ziren, eta amaieran ere hortxe amaitu zuten, eurentzat izan baitzen hirugarren postua. Donato Larretxeak eta Jon Rekondok, aldiz, behetik gora egin zuten. Azkena ere ibili ziren, eta behin Arria eta Otaegi gainditu zituztenean, amaieran hirugarren postua ere gertu izan zuten, baina segundo gutxi batzuengatik izan bazen ere, laugarren geratu ziren.

Txapelketa ofizialak ere laster hasiko dira, eta zaleak jadanik horri begira jarrita daude. Binaka aritzeak ez dauka zerikusirik bakarka aritzearekin, baina Vicente II.ak eta Saralegik oso garbi utzi zuten eurak oso kontuan hartu beharko direla, maila ikaragarria eman baitzuten herenegun ilunabarreko norgehiagokan. Sunbillako Latasaren Oroimenezko Torneoan izan ziren aizkolarietako askok bihar Donostiako Urrezko Kopan jardun beharko dute.

Iker Vicentek eta Ruben Saralegik 30 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko. Atzetik, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza (32.15), Mikel Larrañaga eta Iñaki Azurmendi (34.12), Donato Larretxea eta Jon Rekondo (34.28) eta Arria V.a eta Joseba Otaegi (35.01) sailkatu ziren.

Txinga

Xanta Sousa izan zen Sunbillako jaialdiko beste protagonistetako bat, Lesakan bizi den brasildarrak esku bakoitzean 75 kiloko txingak erabili zituen, eta ahalik eta plazarik gehien egiten saiatu zen. Pisu honetako txingak ez dira normalean erabiltzen, baina txapeldun handi honek bere lana egin nahi zuen honelako txingekin, eta ez zuen marka txarra egin, bi plaza pasatxo egin baitzituen, pilotalekuko harmailak betetzen zituzten zaleen txaloen artean. 

Ariztegi izan da oinbikoa mozten azkarrena

Maika Ariztegiren eta Larrea I.aren arteko dema ere ikusgarria izan zen. Iturengo emakumezko aizkolariak 87 urteko bizkaitar beteranoa izan zuen aurrean, eta bakoitzak oinbiko enbor bat ebaki behar izan zuen. Norgehiagoka berezi hau ikusteko gogoa ere bazegoen, eta kirolariek ez zuten hutsik egin. Zaleek ere ez zuten denbora alferrik galdu eta bi aizkolariak animatzen saiatu ziren saio osoan zehar, amaieran txalo zaparrada galanta eskaintzeko.

Garaipena Maika Ariztegik lortu zuen. Ia hasieratik hartu zuen nafarrak aurre, eta apurka-apurka aldea kentzen joan zen, eta amaieran enborra 14 minutu eta 43 segundoan bota zuen. Bizkaitar beteranoak, berriz, 17 minutu eta 18 segundo behar izan zituen. Duen adinarekin aizkorarako duen gogoa eta ilusioa ikuste hutsa da ederra. J.L.