15 AOûT 2017 IKUSMIRA Bizitzeko, pentsatzeko, bidea urratzen du ideiak Mikel Zubimendi Kazetaria Aspaldi, Hitlerrekin kolaboratzeagatik gerra ostean fusilatuta hil zuten frantses atzerri-ministro Pierre Lavalek Aita Santuaren botereaz ohartarazi zuen Stalin. Honek, ironiaz eta trufari, honela erantzun zion: «A, Aita Santua? Zenbat dibisio blindatu ditu Vatikanoak?». Politikari eta pentsamendu praktiko baten adibidetzat jo izan da beti. Badago, baina, droneak eta radarrak detektatu ezin duten indar bat, bonbardaketak mila puskatan txikitu ezinekoa. Mundua aldatzen dute. Arnasten dugun airea bezalakoak dira, nonahikoak. Argiak begietan nola, hala eragiten dute buruan. Inspiratzen, hezten, gidatzen gaituzte. Ikuspuntu berri bat ematen dute, konparaketarako oinarri bat, ikuspegiaren argitasuna. Ez dira inork sorturikoak, moldatuak baizik. Altxor ezkutua dira, magia puru-purua. Haiek aurkitzeko erne egon behar da, jakin-min handi bat izan. Haiek aurkitzeko beti pentsatu behar da badagoela beste bide bat, bide hobe bat, edo errazagoa. Pasioz, zentzuz eta urgentzia puntu batekin bilatu behar dira. Tximeletak bezalakoak dira, ez dira toki berean denbora asko egoten. Ustekabean azaltzen dira. Normalki, bat aurkitzeko modu onena, asko bilatu eta esperimentatzea da. Zenbat eta gehiago, orduan eta perla bat izateko aukera gehiago. Mota askotakoak daude: arrunt korrienteak, informazio baliotsua dutenak eta errebelazio txundigarri direnak. Maitatu itzazu, babestu, baloratu beti. Berri bat aurkitu ondoren ez duzulako mundua berdin ikusiko. Gure horizontea zabaldu eta gure kontzientzia goratuko dutelako.