19 AOûT 2017 Aizkora Kortxero eta Etxeberria dira txapeldun berriak J.L. Eloy Kortxerok irabazi zuen asteazken iluntzean Arabako Bigarren Mailako txapela, eta, atzo, berriz, Jexux Etxeberriak Nafarroako Hirugarren Mailakoa. Eloy Kortxero zen Arabako Bigarren Mailako txapela irabazteko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Bera izan zen guztietan onena, eta datorren urtean berriro ere Lehen Mailan aritzeko moduan izango da. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Bada, Eloi Kortxerok 10 minutu eta 25 segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Bigarren posturako sekulako lehia izan zuten Llanosek eta Armentiak, eta, azkenean, beteranoak, Llanosek alegia, lortu zuen bigarren izatea. Llanosek 15 minutu eta 14 segundoan egin zituen bere egin beharrekoak, eta, Armentiak, berriz, 15 minutu eta 43 segundoan. Sailkapena Juan Carlos Lopezek itxi zuen, bere lanak amaitzeko 23 minutu eta 43 segundo baliatuta. Atzokoan, berriz, Jexux Etxeberriak irabazi zuen Nafarroako Hirugarren Mailako txapela Ezkurran, eta datorren urtean Bigarren Mailan arituko da. Berarekin batera, Xuban Kañamaresek lortu zuen mailaz igotzeko txartela. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki zituen. Etxeberriak hasieratik hartu zuen aurrea, eta amaierara arte hor jarraitu zuen. Lan guztiak egiteko 10 minutu eta 16 segundo behar izan zituen. Atzetik, Kañamares V.a (11.27), Gogortza (12.10), Garcia (13.00) eta Gorriti (13.39) sailkatu ziren. Herenegun, aldiz, Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketa jokatu zen. Eneko Saralegik irabazi zuen, eta, berarekin batera, Resano, Kañamares IV.a, Telletxea eta Beltza sailkatu ziren irailaren 30ean Igantzin jokatuko den finalera. 7 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Saralegik bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat mozten. Atzetik, Resano (8.12), Kañamares IV.a (8.23), Telletxea (8.27), Beltza (8.28), Indakoetxea (8.36), Pellejero (9.04), Mielanjel Etxeberria (9.58) eta Patxi Mindegia (11.45) sailkatu ziren. Lasto-altxatzea Euskal Herriko Lasto Altxatze Txapelketa Tubik irabazi zuen 25 altxaldirekin. Bigarren Loiola sailkatu zen, eta, hirugarren, Lauzirika.