04 SEPT. 2017 ZIRIKAZAN Printzesak Josebe EGIA Hogei urte joan dira (di-da batean joan ere!) Lady Di izendatzen zutena hil zenetik, abuztuaren azkeneko egun batean. Abuztuaren azkeneko egun batean, halaber, ari naiz idazten lerro hauek, duela bi hamarraldiko hura oso garbi buruan: nolakoak ginen orduan, zelakoak gure bizimoduak, zelan zabaldu zen berria eta zelan esplotatu… eta nik neuk pena sentitu nuela harengatik, ez Lady Digatik, ez Galesko Dianagatik, baizik eta Diana Spencerrengatik, tituluen aurretik izango zen neskatxagatik eta tituluak gainean borrokatuko zuen emakumeagatik, ez printzesagatik. Pena, erabateko liberazioa erdietsia zuela ematen zuenean, monarkia ingelesak (eta bere buruak berak, ziurrenik) ezarritako kortse itogarritik askatuta bere gogoaren arabera bizitzen ari zela zirudienean, justu orduantxe, galdu zuelako bizia. Denok ezagun genuen bizia, nahiz eta orduan Internet eta ekarri dituen guztiak hastapenetan egon, zabalduaren zabalduaz eta ikusiaren ikusiaz gure ezagunak baino ezagunagoa bagenu bezala pertsona hura. Bai absurdoa, baina zeharo erreala. Hogei urte ondoren, abuztuaren azkeneko egun honetan, ordutik gauzak nola aldatu diren pentsatzen dut, eta nola ez diren aldatu ere bai. Monarkiek plebeioak onartu dituzte beren erakundeetan, irekiago daude jendartera, gehiago nahasten dira bertan, baina hortxe segitzen dute tinko, hori ez da batere aldatu (aldatuko ote da inoiz?). Irudiaren aro honetan, errege-erreginek eta printze-printzesek eurek ere ondo ustiatzen dakiten honetan, Dianaren otzantasun hura, hiltegira daramaten animaliaren begirada izuti etengabe hura, jada ez dugu topatzen erregetzaren baitako emakumeengan; alderantziz, XXI. mendeko andreak dira: jantziak, modernoak, aktiboak, ahaldunduak. Motzean, ez dute Galesko printzesaren biktima kutsurik, ezta zipitzik ere, eta garai hartan, duela pare bat hamarraldi besterik ez, gertatzen zirenak gertatzea gaur egun errepikaezina delako sentsazioa, sentsazio ziurra, transmititzen dute. Hori bai aldatu da. Jendartean, Mendebaldeko honetan, emakumeoi eta geure inguruabarrei dagokienez izandako bilakaeraren isla garbiak dira egun, eta, absurdoa izan arren, erregetzek biziraun bizirauten dutenez, ez da batere kontu makala erreginek eta printzesek emakume xeheon antza izatea, haiek nahi izatea gu bezalakoak izatea, eta ez guk eta gure ondorengoek haien modukoak.