GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Geure matxinadaren ziklo berria sustatu beharko, ezta?


Euskal matxinadaren lehen fasea frankismoan piztu zen, bigarrena, berriz, frankismoarekiko haustura baztertu eta erreforma inposatu zutelarik. Hirugarrena gorpuztu aitzin, non eta Katalunian piztu zen, ustekabean. Izan ere, erreforma nagusitu zen han erresistentziak zapalduz, PdeCaten aurrekari izan zen CiUren lidergoaz. Espainiarekiko loturaren erreferentea izan zen orain gorrotatzen duten Jordi Pujol, autonomien estatua finkatzeko langile fina, ez dezagun ahantz!

Inork ez zuen duela 30 urte gaur ikusten ari garena espero. Independentismoa nagusitu bada Katalunian, ibilbide luzearen ondorioa da, jakina, baina era berezian azken urteotako erasoek astindu dute jendea, espainiar estatuarekiko atxikimendua gainbehera bultzatuz. Atxikimenduaren hegemoniatik sezesioaren hautura jauzi handia dago, sakonean ulertu nahi duenak hobe lukeelarik sinplismoak alde batera uztea. Halaber, azterketa zorrotza eskatzen du Euskal Herrian oraino matxinadaren hirugarren fasea indar oroz aktibatu ez izanak. Kontua da, edonola ere, matxinadak ez direla bulego, egoitza edo laboratorio politikoetatik abiatzen, ezta txosten ausart edo sutsuen bidez ere. Ondotik etortzen dira, gehienetan, txostenak, teorizazioak eta estrategiak.

Haustura, demokrazia, burujabetza, erabakitzeko eskubidea, independentzia, 1978ko erregimenak behin betirako lurperatu nahi zituen aldarrikapen hauek guziak eztabaidaren erdian daude. Polarizazioa gorpuzten ari da, jarrera argirik hartu nahi ez dutenak lekurik gabe uzten. Agerian gelditzen ari da, halaber, estatuarekiko itunaren hausturaren ahulezia estrategikoa. Argi dago, estatuarekin ala demokraziarekin, aukeratu behar da!

Kataluniako matxinada ez da gurea bezalakoa, eta gu iritsi ez garen estadioan dago jada, gure mirespena daukalarik. Gure elkartasuna funtsezkoa da, kalera atera beharra dago, indar oroz atera ere. Baina gure erronka nagusia geure matxinada bultzatzea da.