09 SEPT. 2017 JOKOAK Zuberoa faltako da Euskal Olinpiadetan J.L. Zazpi Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da gaur 16.00etatik aurrera Sarako plaza laxo berrian. Hasiera batean han dago iragarrita, baina euria eta eguraldi oso txarra iragarri dutenez, litekeena da kiroldegian jokatzea. Gaur goizean dira biltzekoak antolatzaileak eta dagoen eguraldiaren arabera erabakiko dute auzia. Plaza laxoa eta kiroldegia elkarrengandik oso gertu daude. Aurtengo lehiaketan ere zazpi talde aritu beharrean sei izango dira, Zuberoak ez baitu lortu taldea osatzea, eta aurten ere huts egingo du. «Zuberoak 14.000 biztanle bakarrik ditu, eta ahalegina egiten ari badira ere, ez da erraza taldea osatzea. Gainera, herri kiroletan dabiltzan gehienek errugbian jokatzen dute, eta errugbiko denboraldia hasia dutenez, ezinezkoa egin zaie taldea osatzea», esan zuen Manolo Alkaiagak, antolakuntzako kideak. Guztira hamar kirol ezberdin egin beharko dituzte, eta hasiera batean herrialde bakoitzeko txapeldunak lehiatu beharko lirateke, nahiz eta bakarren bat edo beste falta daitekeen. Sokatira, 640ko mailan, lokotx biltzea, ingude altxatzea, lasto altxatzea, harri jasotzea, txinga erutea, orga jokoa, zaku lasterketa, trontza eta aizkora izango dira egin beharko diren kirolak. Lanak ez dira luzeak izaten, eta aizkoran esaterako lau 45 ontzako erdibitu beharko dituzte, edo trontzan 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkiote. Hala ere, lanak laburrak direnez, eta kirol ezberdin asko, oso saio erakargarria eta ikusgarria egiten da bertaratzen direnentzat. Txapelketaren barruan, eta sekulako ezusteren bat ez baldin bada gertatzen, hiru lehiaketa ikusi ahal izango direla dirudi. Aurreneko postuaren lehian Nafarroa Garaia, Bizkaia eta Gipuzkoa izango dira, eta laugarren posturako, aldiz, Araba eta Lapurdi izango direla ematen du. Nafarroa Behereak, berriz, nahiko lan izango du seigarren postu horretatik ihes egiten. Jende asko espero da gaurko saiorako, nahiz eta iragarrita dagoen bezalako eguraldi txarra egiten baldin badu, beharbada batek baino gehiagok atzera egingo duen. Helduek sarrerak 10 euroren truke erosi ahal izango dituzte, eta gaztetxoek, berriz, 5 euroren truke.