GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Kabiarra besterik ez?


Aurreragoko (eta hurbilagoko) buruhausteak baditugula esango du norbaitek. Baina deigarria ere egiten da zein oharkabean geratzen ari den ingurumari hauetan ia Europa osoan une honetan hizpide dena. «Ikuztegi azerbaijandarra» deitu dute, herrialde hartatik abiatutako 2.500 milioi euro inguru izango bailirateke azken bi urte hauetan Europan barrena «garbitu» direnak, Danske Bank daniarrak Estonian duen adarraren bitartez.

Iruzur erraldoiaren sorburuan, noski, Ilham Aliev presidentea eta haren inguruko mafia politiko-ekonomikoa egongo lirateke; eta horrek ez du inork harritu, diru kopuruaren zenbatekoagatik ez bada. Argigarriagoa da, ordea, mozkinak, elite kleptokratiko horren atzerriko negozioetara ez ezik Mendebaldeko hainbat politikari eta gisakoen poltsikoetara bideratzen direla jakitea. Alegia, orain arte «Kabiarraren diplomazia» (Bakuko erregimenaren bidegabekeriak eta ustelkeriak ezkutatzeko funtzionatzen duen isilpeko ituna) deitu ohi denak ez duela kabiarrarekin soilik funtzionatzen.

Barnetik abiatutako filtrazio baten ondorioz burutu du Europako egunkari ospetsuenak biltzen dituen OCCRP lantaldeak iruzurraren ikerketa. Kasualitatez edo, lantalde horretan ez dago Estatu espainoleko egunkaririk; eta agian horrek ere badu zerikusia eskandaluak oihartzunik ez edukitzearekin. Agramunt eurodiputatu popularra bezalakoen pozerako, esango nuke.

Bere garaian irribarrez ikusi nuena gogorarazi dit, haatik, aferak. Urtero, Azerbaijanek Madrilen duen enbaxadak «Herriaren Aita» omen Heydar Aliev (Ilhamen aita, jakina; KGBko jenerala eta SBPK-ko Politburoko dinosauroetako bat, aldatzeko garaia iritsi zen arte) gogoangarriaren jaioteguna ospatzeko ekitaldia egiten du. Omenduak ez du eragozpenik jarriko: Josafaten dago 2003az geroztik.

Hala ere, deigarriena da ospakizun hori nola goresten duen bere egunkarian beti gonbidatuen artean dagoen F. Marhuendak. Kabiarragatik ote da?