GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Vicentek txapela lortzeko ere prest dagoela erakutsi du

Otsagabiko aizkolaria izan zen Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketakoonena. Larrañaga, Azurmendi, Mugertza, Atutxa eta Otaegi ere finalean dira.


Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Joseba Otaegi eta Aitzol Atutxa sailkatu ziren datorren urriaren 15ean Donostian jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finalera.

Berez hamabi aizkolari izaten dira kanporaketa honetan, baina jakina zen Olasagasti ez zela arituko, ez baita bere lesiotik osatu, eta ondorioz azken sailkatua bakarrik jaisten zen atzo, baina azken orduan Juanjo Lopez ere ez zen bertaratu, tripetakoak jota zegoelako, eta hasiera batean bera izango da maila galduko duena.

Kanporaketa hauetan garbi dago helburua finalean sartzea izaten dela, baina lehen postuan sailkatzeak ere beti indar berezia ematen du, eta atzokoan denetan gazteenak, Iker Vicentek, lortu zuen lehen postu hori, eta bera izan zen 17 minututik jaitsi zen bakarra. Halere, bigarren sailkatu zen Mikel Larrañagari bederatzi segundo baino ez zizkion atera. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen; finalean izango duten lanaren erdia izan zuten.

Hiru multzotan banatuta aritu ziren lanean; aurrenekoan lau jardun ziren, eta lau horietatik hiru finalean sartu ziren. Azurmendi izan zen onena, eta atzetik Atutxa, Otaegi eta Irazu sailkatu ziren. Azken honena izan zen atzoko denborarik kaskarrena. Bigarren multzoan Larrañaga izan zen onena, eta berarekin batera Mugertza ere finalean sartu zen. Hirugarren multzoan atzoko hiru gazteenak aritu ziren, eta Vicente izan zen onena. Bera bakarrik sailkatu zen finalera, eta berea izan zen atzoko denborarik onena. Vicentek bere lan guztiak egiteko, 17 minutu eta 55 segundo behar izan zituen. Atzetik, Larrañaga (18.04), Azurmendi (18.05), Mugertza II.a (18.29), Atutxa (18.39), Otaegi (18.59), Alberdi (19.36), Rekondo (19.55), Otaño (20.40) eta Irazu (21.40) sailkatu ziren. Okerrena ikusle kopurua izan zen, ez baitzen izan espero zen bezain ona.