GARA Euskal Herriko egunkaria

Bi mila urteko ondarea biltzen du «Navarrorum» erakusketak

«Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea» erakusketa izango da ikusgai Iruñean urte amaierara arte. Euskarak Antzinaro erromatarretik XIX. mendera arte izan duen agerpena jasotzen duten dokumentuak ikus daitezke.


Nafarroako Errege Artxibo Nagusian “Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” izeneko erakusketa izango da ikusgai urte amaierara bitartean. Bertan, euskarak Antzinaro erromatarretik XIX. mendera bitartean izan duen agerpena jasotzen duten dokumentuak ikus daitezke eta, horretarako, 36 ale aukeratu dira, «kontu handiz, lekuko gisa duten balio handiarengatik».

Peio J. Monteano historialari, soziologo eta artxibozaina da erakusketako komisarioa eta, azaldu duenez, Antso VI.a Jakituna erregeak sinatutako dokumentuaren 850. urteurrena bete denean egingo da erakusketa. Zehazki, dokumentu horretan, «lingua navarrorum» esan zion euskarari, hau da, nafarren hizkuntza.

Azaldu dutenez, dokumentuak sei bloketan bilduta daude, gaika, eta hizkuntzari buruzko lekuko historikoen bilakaerari erantzuten diote: lehen aldia (Antzinako Erroma eta “mende ilunak” delakoak), non ia ez dagoen euskararen arrastorik beste hizkuntza batzuetan idatzitako testuetan; bigarren aldia, non testuetan, lehendabizi, iruindarren, eta gero, nafarren hizkuntza gisa aipatzen den; hirugarren aldia, non euskaraz idazten den; eta laugarren aldia, non liburuak euskaraz inprimatzen hasten diren. Bosgarren blokean, XVII. mendean hasten den atzerakada geografiko eta soziala biltzen da. Bestalde, zenbait dokumentutan, XVIII. eta XIX. mendeetan, euskara arrazoi ilustratuaren eta sentimendu erromantikoaren artean harrapatuta zegoela erakusten da.

Ikus-entzunezkoak

Bloke bakoitzaren hasieran ikus-entzunezko labur bat dago, dokumentuak dagokien une historiko eta kulturalean kokatzeko. Dokumentuak tamaina handiko paneletan erreproduzituta daude, transkribatuta, eta azalpen txiki bat ematen da, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Horietako batzuen jatorrizkoak, hala nola Lergako hilarria, II. mendekoa, Leireko kartularioa, XII. mendekoa, edo Leizarragaren Biblia, beira-arasetan ere erakutsiko dira.

Zehaztu dutenez, erakusketa honen helburua azalpen historiko bat ematea da, euskararen gaur egungo egoera zein den jakiteko. «Batik bat bere kultura balioa nabarmentzea da xedea. Zentzu horretan, euskarak kultura ondare gisa duen balioa ere nabarmendu nahi du jendaurrean, eta bere kontserbazioa eta sustapena azpimarratu», nabarmendu dute.