GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Argudio zuriak


Kataluniako erreferenduma dela eta, Estatu espainoleko komunikabideen eztabaida-maila ezin eskasagoak akuilaturik idatzitako artikulua duzu begien aurrean. Sasi-eztabaidak, azalkeriaz betetako iritzi-andanak –ustez mamitsuak– eguneroko ogia bihurtu direnez, zilegi bekit tertuliano eta iritzi-emaile –eta sortzaile– iruzurgile horiek baliatzen dituzten gezurrezko argudio horietako batzuk aletzea, argudio zuriak.

Ad nauseam argudioa: argudio iruzurti bat errepikatzearen errepikatzez jendeak, asperduraren asperduraz, azkenik sinetsi egiten duena. «La independencia catalana solo puede dictarla el pueblo español» gezurrezko argudioa behin eta berriz errepikatuta egiatzat hartzean datza. Ez da egia, eta adibide hurbilak ditugu: Eskoziako erreferendumean ez zuten ingelesek bozkatu, ez irlandarrek, ez galestarrek, bakarrik eskoziarrek baizik; eta Britainia Handian egindako Brexit erreferendumean guk ez genuen bozkatu, denok europarrak izanagatik.

Ad populum argudioa, eskuarki demagogia deitua: entzuleen edo irakurleen oniritzia lortzean datza jendearen oinarrizko sentimenduei errekurrituz, iritzi edota ondorio ustez biribil baten inguruan, iritzi edo ondorio horrek benetako euskarri logikorik ez duen arren. Kataluniako erreferenduma eginez gero, ondorio katastrofiko zenbait iragartzean datza, denak ala denak irrigarri xamarrak, bestalde. Europako beste adibide bat jartzearren, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian bizi direnen arteko harremanak ez dira eten 1993an bereizi zirenetik, eta inork ez du proposatzen bi herri independente horiek berriz batzea, haien arteko hartu-eman ekonomiko normalak dituztelarik.

Ad ignorantiam argudioa: besteen ezjakintasuna baliatzea baieztapen biribilak eginda. Rajoy-k legea eta demokrazia parekatzen ditu, Espainiako legea urratzen duena antidemokratikotzat joaz; faltsua da, zeren legeak ez dira beti eta per se demokratikoak: Hitlerren lege antisemitek bazuten babes legal osoa, eta Francoren legeak legezkoak izan arren, argi dago ez zirela demokratikoak. Legeak ez dira, berez, demokratikoak, Espainiako presidenteak argudio zuri hori baliatu arren boto-paper eta hautetsontzien bahitura zuritzeko.

Ad verecundiam argudioa: ustezko autoritate edo aditu baten esanetan oinarritzen den argudioa; gizarteko pertsonaia ezagun edo prestigiodun batek –Pantojaren seme Kiko Riverarekin hasi, Belen Estebanekin segitu eta Arturo Perez-Reverterekin bukatu– duen pisuzko iritziaren indarrean datza, horretan baizik ez. Julian Assangek adierazi duenean Kataluniak autodeterminaziorako eskubidea duela, eta atxiloketek katalanak indartu eta batuko dituztela, Arturo Perez-Revertek emandako erantzunak –«Es usted un perfecto idiota»– agerian uzten du Espainiako intelektualen maila ezin eskasagoa. Azken finean Espainiako Errege Akademiako kide den idazle espainolak irain bat, ad hominem argudioa, baliatzen baitu Wikileaks-eko sortzailearen aurka.

Ad hominem argudioa: solaskidea gutxiestean datza, solaskidearen argudioak indargabetzeko asmoz; alegia beste pertsonari erasotzean datza, argudioei aurre egin ezinean. Adibide anitz ditugu, aurrejuzguz beteak, besteak beste, ERCko Gabriel Rufian-en abizena dela-eta errazkeriaz egindako txiste txarrak, edo EH Bilduko Arnaldo Otegiren azalpenen haritik lotsa gabe botatako iruzkin laidogarriak eta iraingarriak.

Iritzi-emaile iruzurgile horiek beti bukatzen dute ad hominem argudio zuria baliatzen, euren ahulezia dialektikoaren adierazle garbia.