GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

«Opariak», haginkada garbia Peña Santako zirrikitu bati

Iragan uztailaren 12an, egun bateko jardunean, Unai Mendia, Eneko Cesar eta Mikel Saez de Urabainek osatutako sokadak 10 luzeko bide berria zabaldu dute. Jarduera horretan, hirukote honek ez zuen seguru finkorik erabili. 7b+ eta R2+ gradua jarri diote.


Unai Mendia, Eneko Cesar eta Mikel Saez de Urabainek indarrak batu dituzte Europako Mendietan jarduera oso interesgarria egin ahal izateko. Bi nafarrak eta gipuzkoarra bideak sortzen oso zailduak dira, eta mendilerro horretako ikur batean, Peña Santan, ekarpen ederra egin dute.

Joan den uztailaren 12an, egun bateko jardunean, “Oparia” bidea zabaldu zuten. Guztira, hamar luze berri ireki dituzte. Zailtasun teknikoei dagokienez, protagonistek diote gehienez 7b+ gainditu zutela. Agian, batek baino gehiagok esango du hirukote horren eskarmentua ezagututa ez dutela sormen lan zaila egin. Baina kasu honetan erantzun behar da zailtasun tekniko hori “gutxienekoa” dela; izan ere, bide osoan zehar ez dute seguru finkorik jarri. Hots, “Oparia” garbi-garbia da. Horregatik, R2+ (arriskuaren gradua) jarri diote.

Eskalatzaileok Europako Mendietara abiatu zirenean, aldez aurretik adostu zuten Peña Santan eskalatuko zutela. Alabaina, Saez de Urabainek aurreratu duenez, lehen xedea bestelakoa zen: «Berez, geure helburua ‘Iñaki Arregi’ bidea askatzea zen. Baina hirugarren luzea, artifizialeko lehena, bustia zegoen. Plaka etzan eder batetik hasten da. Tente jartzen den unean buril zahar bat aurkitu genuen. Pauso plakero batzuk egin ondoren, buril eskas hori bi metrora geratzen da. Eta, gainera, kordino ziztrin bat zuen egoera txarreko torloju batekin ere egin genuen topo. Alarma guztiak piztu ziren. Gure xedea era askean igotzea zenez, artifizialeko marra batean izaera horretako brikolajea ikusi eta atzera egitea erabaki genuen».

Lehen asmo hori behin baztertuta, eskalatzaileok B planari ekin zioten. Bizkar-zakuetan 26 friend eraman zituztenez, Mendiak hormatzar horretan buruan zuen asmoa mahai gainean jarri zuen. Horretarako, paretaren azpira hurbildu eta balizko bide berria aztertu zuten.

Erabat garbi

Protagonistok prest zeuden “Oparia”-ri forma emateko. Lehen zatia erraza da: «Unaik ardura hartu eta lehen luzeak sokaburu egin zituen. Harkaitzaren kalitatea aparta zen. Sabaiaren azpira iritsi, pisua bizkarretik kendu eta sokaren laguntzarekin petatea igotzea erabaki genuen. Horrek erritmoa moteldu zuen. Hainbat tarteri izena jarri diegu. Artesi zabal bati ‘Auswitch’ (6c) deitu genion; bustia zegoen. Ondoren, ‘Kamasutra’ (6c); luze bitxi hau ez da erraza».

Bilera horretatik aurrera, Saez de Urabain sokaburu jarri zen: «Opari moduko luze eder bat suertatu zitzaidan. Hurrengo luzea giltza da; bi artesi elkartzen dituena. Zirrara zein misterio kutsua du, baina oso kalitate onekoa. Behin baino gehiagotan zintzilikatzen naiz. ‘Minoria absoluta’ bidearen parekoa da; beste opari eder bat».

Luze horiek eskalatu ondoren, Mendiak berriro sokadaren ardura hartu zuen. Hirukoteari gutxi falta zitzaion “Oparia” biribiltzeko eta Peña Santako gailurrera iristeko.

Nafarrak aurretik “Txatxi corners” luzea (7b) zuen, eta zintzilikatu gabe hura igotzea erdietsi zuen.

Behin lanak bukatuta eta tontorrean zirela, protagonistok onartu dute “Oparia” bidean eginiko lanak asko bete dituela: «Pozarren ginen, zerbait handia egin genuenaren sentsazioarekin. Bai, harro egoteko moduan gaude, besteak beste, sormen lan berri eta eder bat egin dugulako. Eta batez ere erabilitako estiloarengatik. 400 metroko marra berria da, eta gehienez 7b+ zailtasunak gainditu ditugu. Hori gutxi balitz bezala, bide osoan soilik hiru kordino utzi ditugu; arroka zubietan jarritakoak. Eta bide batez azpimarratu nahi dugu bidearen kalitatea apartekoa dela».

“Oparia”-k, beraz, haginkada garbia egin dio Peña Santari.