25 SEPT. 2017 «HANDIA» TRAIZIOA EGINGO BAGENIO... GARAñOK ETA ARREGIK HANDIA EGIN DUTE, KOMATXOEN ARTEKO TITULUAZ HARAGO. ATZO AURKEZTU ZUTEN ZINEMALDIKO LEHIAN HAIEN AZKEN LANA ETA, ON ETA TXAR, KRITIKA ASKOTARIKOAK JASO ZITUZTEN. ONAK ETA TXARRAK ZAKURATU BEHARREAN DIRA, BAINA MERITUA HAIEN ALDE DUTE. Dernière mise à jour : 25 SEPT. 2017 - 12:49h Ariane KAMIO Bai, Zinemaldiko –eta orokorrean zinema jaialdi garrantzitsuetako– kritika oso zorrotza da. Hori da film bat aurkezteak duen arriskurik handiena. Gustatzea ala ez gustatzea. Agian euskaldunon subkontzientea manipulatzea lortu zuten bere garaian Moriartikoek “Loreak” egin zutenean, edo ez, lehenago izan zen, “80 egunean” harekin. Estetika askoz berritzaileago eta zainduago batekin agertu ziren publikoaren aurrera. Europarrago, edo modernoago edo ez dakit, kategoria bat gorago sentitu ginen euskal zinema aro berri baten atarian egon zitekeela antzeman genuenean. “Loreak”-ekin bai, gure uste eta asmoak betetzen ikusi genituen, Zinemaldiko Sail Ofizialetik Oscar sarietarainoko bide eztia haiekin batera egiten. Eta guk, errepikatu nahi genuen. Beste “honeymoon” bat izan nahi genuen begien aurrean, eta “Handia” zen gure aukera. Eta da gure aukera. Jon Garañok eta Aitor Arregik atzo aurkeztu zuten lehia ofizialean bere azken apustua. Altzoko Handiaren historia eraman dute pantailara, Euskal Herriko zonalde batzuetan mito bihurtu zen pertsonaiarena. Agian Garañoren burugogorkeria bati esker ikusi ahal izan dugu orain zineman. Berak ere, bere belaunaldiko gipuzkoar askok bezala, ikastolatik egindako txango batean ezagutu zuen Migel Joakin Eleizegiren historia, eta memorian leku egun dio helduaroan ere. «Hainbestetan bota nuen taldean Altzoko Handiari buruz pelikula bat egiteko ideia azkenean txiste bihurtu zela. ‘Garañok aurkeztuko ditu ideia batzuk gehi Altzoko Handiarena’». Baina egun batean besteetan baino hobe azaldu zuen –«txipa» aldatuko zuen edo– eta Irusoinera gai berberari buruzko gidoi bat iritsi zen, Andoni de Carlosena, animaziozko film batena. Garañok bere egin zuen proiektua eta Arregi eta hirurak fikziozko gidoi bat egiten hasi ziren. “Handia”-ren proiektua abian zen. Gure subkontzienteak agintzen badigu “Handia”-k handi izan behar duela, traizioaren boterez ere agintzen digu aurrez ezagutu, enkasillatu eta “zigortu” ditugun aktoreei bigarren aukera –serio– bat ematea debekatuta dagoela. Hortxe daude Eneko Sagardoy –Migel Joakin Eleizegi– eta Joseba Usabiaga –Martin, bere anaia–. Bai, egia da, “Goenkale”-ko Tximista. Baina zergatik da Usabiaga set hartan abandonatzeko moduko aktorea? Hura da haien apustua, eta sorpresa eman, eman dute. Bai Sagardoyk eta bai Usabiagak mailak eskatzen zuen lekuan egoten jakin baitute filmean. Izan ere, “Handia” ez da handituz doan gizaseme baten historia. “Handia”-k anaia arteko harreman bat du oinarri, eraldatzen eta garaikide bihurtzen doan gizarte baten baitan kokatutakoa. Altzo du abiapuntu, baina munduari zabaldu dizkio besoak, bere erraldoi eskuak. Aurreratutako matrail hezur bat, okertutako zangoak, ahots moteldua, hatz lodiak dira Altzoko Handia, baina horretaz ahazteko modukoa da Garaño eta Arregiren apustua, hau da, «publikoak erraldoia ahaztu eta pertsona bat ikustea». “Loreak”-ek poesia baten trazua egin zuen eta ikustekoa da zer-nolako ibilbidea izan zuen. Film hauskorra zen, detaileetan egina, fina, dotorea. “Handia”-k beste norabide bat hartu du, nahiz eta nahi duenak poesia eta fintasun berbera ikusi ahalko dituen erraldoi baten atzean. Garañok eta Arregik ez dute lauki itxi batean biziraun nahi. “Loreak” abentura ederra izan zen, eta ate asko zabaldu zizkien. Baina atzo abiatutakoa beste lasterketa bat da eta egindakoaren gainean berregitea ez da beti formulaziorik onena izaten. Aurrekontua izan dute, eta baita ausardia ere. Aurrekoarekin apurtu eta jendaurrean berria den zerbaitekin aurkeztea beti da ariketa arriskutsua. Orain, zakua zabaltzea egokitzen zaie, eta guztia joango da barrura, on eta txar. Halakoxea da zinema, halakoxea da kritika. Ea behingoz subkontzienteari norberak egiten dion traizioa, euskarazko film bat berriro nazioarteko lehian dagoela jakinarazteko bada ere. Bejondeiela handienei. «Loreak» konparaziorako tresna bihurtuko da ziur asko, baina «Handia»-k bide propioa egin beharko du eta nahikoa mekanismo baditu horretarako