27 SEPT. 2017 EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI gara, donostia ETAk, nazio askapenerako erakunde sozialista iraultzaileak, hamarkadotan bidean galdutako burkide eta minkide guztiak ekarri nahi ditu gogora. Ekinbide armatuaren ondorioz hildakoen militantzia onartu eta aldarrikatu izan du beti ETAk, baina ezin izan du isilean joan zaizkigunei behar bezalako omenaldirik egin. Arlo, eremu eta fronte ezberdinetan aritutako kideak ditugu, ekinbide armatuan edo, beste herritar askorekin, herri proiektuetan ekarpen galanta egin dutenak. Ezin dugu oraindik bere militantzia publikoki aldarrikatu, baina gure bihotzean ditugu, eta haiei ere zor diegu Euskal Herria askatasuna eskuratzeko bidean jarri izana. Txabi Etxebarrietatik Kepa del Hoyora, guzti-guztiek egindako lana eta borroka gogorarazi nahi ditugu 2017ko Gudari Egunean. Agur eta ohore. Ezin dugu aipatu gabe utzi hamarkadotan Erakundeari laguntza eman dioten milaka herritarren ekarpena. Aterpea eman digute, polizia indarren atzaparretatik ihes egiten lagundu digute, zaindu gaituzte eta goxotasuna eskaini digute, egoera okerrenetan ere. Lagun horietatik ikasi du ETAk, baita politikoki ere. Ikasbideak eskaini dizkigute. Haiek gabe, gure ekarpena eskasagoa izango zen eta gure akatsak, aldiz, larriagoak. ETAk bere esker ona agertu nahi die. Bereziki nabarmendu nahi dugu azken urteotan egin duten lana; lan horri esker estatuek, aurreko fasearen logika behin eta berriro birsortuz, ETA itotzeko eta garaituen/garaileen eskema gailentzeko bideratutako estrategiari aurre egitea lortu baitugu. Doakie gure errekonozimendua. Betiko izango gara zorretan. Gudari Eguna une politiko garrantzitsuan datorkigu aurten, bereziki azken asteetan Katalunian izandako gertaeren haritik. Euskal Herrian gertakariok ez zaizkigu arrotzak, eta perspektiba historikoarekin irakurketa egiteko eta aurrera begiratzeko aukera eskaintzen digute. Herrien kartzela Franco diktadorearen heriotzaren osteko erreforma salatu zuen ETAk, eta gure herriaren asimilazioa helburu zuen operazio zital hura egonkortu ez zedin borroka armatuari eutsi zion. Operazio harekin kolaboratu zutenek Autonomien Estatuaren bidez Euskal Herriak bere eskubideak eskura ahalko zituela sinestarazi nahi izan ziguten. Estatu espainola demokratizatuko zela esan ziguten. Denborak argi bezain garbi azalarazi du errealitatea. Lau hamarkadaren ondotik, 78ko erregimenaren benetako aurpegia klarki agertu zaigu. Katalunian ikusi ditugu haren benetako oinarriak: inposizioa, menpekotasuna eta zapalkuntza. Herri borondatea galarazteko indar armatua erabili dute, herri ordezkarien kontra jo dute eta Kataluniako autonomiaren apurrak hankaz gora jarri dituzte. Estatu espainola herrien kartzela da, eta halaxe agertu da Katalan Herrien nazio nortasuna ukatzeko. Estatu espainola demokraziarentzat ere kartzela bihurtu da, katalanen eskubideak zangopilatu baititu. Eskubide zibil eta politikoak daude berriro auzitan. Ez dute horiek urratzeko borroka armatuaren aitzakiarik behar izan. Garai bateko «indarkeriarik gabe dena posible da» lelo hura gezur hutsa zela egiaztatu dugu. Estatuak jasaten ari den krisi izugarria indarkeriaz eta basakeriaz ezkutatu nahi du. Egiturazko arazo sakona pairatzen ari da, azken krak ekonomikoari krisi politikoa, instituzionala, soziala eta lurralde krisia gehitu baitzaizkio. 78ko erregimenaren zartadurak agerikoak dira. Duela urte batzuk Espainian sortutako herri protesten eta, ondoren, hauteskunde orokorren bueltan, bazirudien erregimena kolokan jartzeko gogoa piztu zela; itxaropena izan zuen behintzat hainbatek. Zoritxarrez, azkenean, ez zen halakorik gertatu, eta Estatuaren demokratizazioa ezinezko izan da berriro ere. Erregimen hori pitza dezakeen errealitate nagusia, gaur gaurkoz, Kataluniako prozesua da. Horrenbestez, “el procés” demokraziaren aldeko prozesua da; independentzia lortu ahal izateko bide demokratikorik utzi ez dietenez, demokrazia lortzeko ibilbide independentistari ekin behar izan diotelako azkenean. Euskal Herriarentzat ikasgaiak Euskal Herriarentzat ere horrek guztiak ikasgai asko utzi beharko lituzke, Estatu espainolari kirats jasangaitza darion honetan, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko zanga inoiz baino zabalagoa den honetan. Horrek bihurtzen du are penagarriago EAJ-PNVk berriro ere Madrilgo Gobernuaren (gobernu ezin atzerakoiagoa eta ustelagoa) makulu izateko bere burua horrela eskaini izana. Horrek bihurtzen du are negargarriago Iñigo Urkullu Kataluniako erreferendumaren kontra jendaurrean lotsagabe agertu izana, bere burua Estatuaren ordezkari gisa aurkezteraino. Horrek bilakatzen du are amorragarriago Euskal Herrian eztabaida politikoa ez pizteko eta berezko prozesu bat ez abiarazteko zenbait egiten ari den ahalegina. Aldaketaren beharra, ordea, begien bistakoa dugu, eta zinez horretan sinesten duen orok ez luke aitzakiarik txikiena ere izan beharko martxan jartzeko, abiarazi beharreko herri prozesuari ekarpena egiteko. Jakinda: – Halako prozesu batek herria eta herritarrak behar dituela protagonista, eta indar metaketa eta herri aktibazioa funtsezko osagaiak izango direla. Fase historiko honetan, hautabide independentista indartzeko soilik bide zibil eta demokratikoetatik abiarazi behar da prozesua. – Prozesuak eta bertan garatu beharko diren ekimen, elkarrizketa eta gainerakoek, erabakitze eskubidearen onarpena lortzea baino gehiago, erabakitze eskubidea egikaritzea izan behar dutela helburu. Horixe da ETAren azterketa, eta azterketa hori ez du behar-beharrezkoa den herri prozesua gerora gidatzeko, bermatzeko edo epaitzeko asmoarekin egiten, ezta gutxiagorik ere; ETAk ondo baino hobeto dakielako datorren ziklo politikoan gure erakundea ez dela eragile nagusietako bat izango. Horregatik dei egiten die ezkerreko independentista guztiei hurrengo urteetan erronka berri honetan buru-belarri konprometitzera. Euskal Herriaren eta askatasunaren alde beti bezala konprometitzera. Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte! Euskal Herrian, 2017ko irailaren 27an Euskadi Ta Askatasuna E.T.A.