02 OCT. 2017 Eskalada Beat Kammerlander-ek ez duerretiroa hartzeko inolako asmorik 58 urteko eskalatzaile austriarrak duela lau urte Ratikonen hasitako xedea biribiltzea erdietsi du. «Kampfzone» du izena, bost luze ditu eta zailena 8c gradukoa da. Marra hori behetik zabaldu zuen, oso teknikoa da eta arrokaren kalitatea bikaina da oso. Dernière mise à jour : 02 OCT. 2017 - 08:58h Andoni ARABAOLAZA Nahiz eta 58 urte dituen, Beat Kammerlander-ek ozen aldarrikatu du eskaladan oraindik leku pribilegiatua duela. Eskalatzaile austriarrak ez du erretiroa hartzeko asmorik, eta hori argi eta garbi erakutsi du bere azken eskalada jardueran. Izen handikoa, mitikoa, historia egin duena... hori guztia eta gehiago esan daiteke hurrengo lerrootako protagonistari buruz. Kammerlander-ek zur eta lur utzi gaitu berriro. Duela lau urte Ratikoneko hormetan hasitako xedeari lokarri guztiak kendu eta hura askatzea lortu du. “Kampfzone” du izena, eta bost luze ditu: 8b+, 8c, 8a+, 7a eta 7c. Irakur daitekeen bezala, behetik zabaldutako bide alpino ekipatu horrek zailtasun tekniko gogorrak ditu; gradu gorena, beraz 8c da. Austriarrak “Kampfzone”-ri puntu gorria joan den abuztuaren 14an jarri zion, eta bidetik jaitsi bezain laster hau adierazi zuen: «Kateatu berri dudan bidea zaila da, eta arrokaren kalitatea bikaina baino bikainagoa da». Kammerlander-ek Ratikonekin duen harremana oso estua da. Pareta mitiko hartan ospea duten bideak zabaldu eta era askean igo ditu. Izen handiko marra horiek honakoak dira: “New Age” (8a+, 1988), “Unendliche Geschichte” (8b+, 1990) eta “Silbergeier” (8b+, 1994). Hiru hamarkada baino gehiago hormatzar horietan jo eta ke lanean aritu eta gero, austriarrak beste emaitza ikaragarri on bat erdietsi du. Azken xede hau Ratikoneko dorre txiki batean dago, baina, zailtasunari begiratzen badiogu, besteak baino zailagoa da. Horren inguruan zehazpen bat egin behar da. Aipatutako zerrenda horri “WoGu” bidea (8c) gehitu behar zaio. Marra hori Wolfgang Gulich kidearen omenez 1998. urtean Kammerlander-ek berak ireki zuen, baina oraingoz ez du hura kateatzeko aukerarik izan. Ohore hori Adam Ondrarena da, hamar urte geroago puntu gorria jarri baitzion. Helduleku txikiak, eskalada oso teknikoa, seguruen arteko aldeak... hori eta gehiago “Kampfzone”-k eskaintzen du. Bidea ekipatu bezain laster, Kammerlander hura probatzen hasi zen. Lehen saioek buruhausteak eragin zizkioten, eta, horretaz gain, negua gainera etorri zitzaion: «Bidea 2.800 metroko garaieran dago, eta horrek bere eragina du». Ezohiko harribitxi gisa definitu du, eta 8c graduko luze horri begiratzen badiogu, esan daiteke Ratikoneko hormatzarretan dagoen zailenetarikoa dela. Horren guztiaren inguruan lerrootako protagonistak hau adierazi du: «Agian, eskalatzaile askok soilik 8c gradua duen luze horri garrantzia emango diote. Nire uste apalean, berriz, azpimarragarriena hau da: zailtasun jarraiak eta mugimenduen benetako estiloa. Bidearen giltza horri dagokionez, bestalde, esan behar dut oso-oso teknikoa dela. Hatzentzat helduleku txikiak daude, eta egin behar diren mugimenduak zailak baino zailagoak dira. Indar handia izan dezakezu, baina hori baino askoz ere garrantzitsuagoa da mugimendu horietan ondo mugitzea. Beste era batera esanda, teknika handia izan behar duzu. Marra horretan indarrak ez zaitu inora eramaten». «Nire mugan» Luzeen zailtasun teknikoari dagokionez, Kammerlanderrek onartu du, oro har, muturreko marra bat dela: «Bidearen zailtasunari begiratzen badiozu, lehenengo bost metroak soilik dira errazak. Ez, ez; hori txantxetan diot. 7a graduko luze bat dago. Laugarrena da, eta, hein batean bederen, eskalada pixka bat lasaitzen da. Luze hori alde batera utzita, aitortu behar dut ‘Kampfzone’-k erabateko kontzentrazioa eskatzen duela: %100. Datu horrekin ere zehaztasun bat egin behar dut. Duela lau urte zabaldu eta saioak egiten hasi nintzenean, %100a baino gehiago eskatu zidan. Baina jakina denez, izaera honetako xede hauetan buru-belarri ibiltzen garenok estilo hori behar dugu indarrean jarri. Ez da nire estiloa soilik, eskalatzaile guztiena baizik. Urteen poderioz, eskarmentua hartzen duzu, eta ekipatutako bide alpino hauetan ikasitako guztia indarrean jartzea baizik ez zait geratu. Ratikonen zabaldu ditudan bideak behetik egin ditut. Goitik hornitu izan banitu, argi eta garbi daukat dibertsio hori erdira jaitsiko zela. Beste era batera esanda, paraboltak goitik jarri eta mugimenduak goitik aztertu eta probatu izan banitu, puntu gorria erdira murriztuko zatekeen eta buruarentzat oso aspergarria izango zatekeen. Nik, bederen, horrela bizi izan dut. Helburuak behetik hasita askoz ere dibertigarriagoak dira!». Ez da eskalatzaile austriarrak horrelako hausnarketak egiten dituen lehen aldia, eta baten batek pentsa dezake bere lanari hein batean “lasaitasun” puntu bat eskaintzen diola. Baina Ratikonen eskalatu duen edonork Kammerlanderrek esandako guztia ondo baino hobeto barneratzen du. Bai, Ratikoneko eskalada oso zorrotza da. Eta hango estiloan egiten den lana zaila baino zailagoa ere bai. Hori ere onartzen du protagonista honek: «Jakina, behetik hasita egiten diren jarduerak oso zailak dira. Baina gauza asko erakusten dizkizu. Esate baterako, atzera egiten. Dena ez da nahi dudan bezala ateratzen, eta batzuetan atzera egin behar izaten dut. Baina arrakasta izan nahi baduzu, jakin badakizu gogor borrokatu behar duzula; egungo gizarte honetan hori lortzea ez da batere erraza. Eta hori ‘Kampfzone’-rekin gertatu zait. Zure mugan dagoen bide bat aurkitu, goitik probatu eta ondoren kateatzen saiatzea gauza erraza da. ‘Kampfzone’-rekin ezberdina izan da oso. Igotzen ari nintzenean ez nekien aurretik zer aurkituko nuen. Horrek zalantzak sortzen zizkidan. Eta hau ez da maiz gertatzen. Honi guztiari gehitu behar diot ‘Kampfzone’-ren arrokaren kalitatea erabat perfektua dela. Horregatik diot ezohiko harribitxia dela. Hasieran, arrokaren formak ez zidan luzeak ikusten uzten. Pazientziarekin eta denborarekin mugimenduak askatzen hasi nintzen». Bidea probatzen ari zela, 2015. urtean Kammerlanderrek belaunean min hartu zuen. Helburua baztertu, osatzen saiatu eta iragan udan saria iritsi zaio: «Osatu bezain laster, erabat motibatu nintzen. Ez nekien hura askatzeko gai izango nintzenik, besteak beste, 2.800 metroko garaieran dagoelako eta hango baldintzak eskuarki ez direlako oso onak. Besteak beste, han goian haizeak ondo astintzen du. Baina sasoiz ondo nengoen, eta argi dut burua bere tokian nuela. Hots, buruak indar handia eman zidan. Gaur egun 58 urte ditut, eta, jakin badakit, pixka bat mugatuago nagoela. Ohartu naiz oreka bat bilatu behar dudala, gogor eskalatu baina esajeratu gabe. ‘Kampfzone’ kateatu ondoren, sorbalda minduta izan dut. Entrenamenduetan ere neurri egokia bilatu behar dut». Azkenik, Ratikoneko bide horren inguruan honako azterketa egin du: «Marra hori ikusi eta probatu duten eskalatzaile guztiak erabat liluratuta geratu dira. Bide bakarra da; zailtasuna alde batera utzita, esan dezaket hura probatzen primeran pasatu dudala». GOGORRA Ratikoneko orratz batean zabaldu eta kateatutako bideak bost luze ditu: 8b+, 8c, 8a+, 7a eta 7c. Ohi den bezala, austriarrak marra behetik ireki zuen. BALDINTZAK Kammerlanderrek adierazi du pareta horretan izan dituen baldintzak ez zirela batere egokiak. 2.800 metroko garaiera dago, eta haizeteek pareta ondo astintzen dute. PUNTU GORRIA Iragan abuztuan Beat Kammerlander austriarrak duela lau urte hasitako xedea askatzea lortu zuen. «Kampfzone» du izena.