GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

«Oe, oe, oe, oeeee...»


Honezkero zenbat argazki eta bideo ez ote dugu ikusi Katalunian igandetik hona gertatutakoez! Irudi bat aukeratzeko galdetuta, zein aukeratu? Emakume oso adindu hura boza ematen eta ondoren, hunkiturik, alboko gaztea besarkatzen; guardia zibil haren borrakada gaztearen bizkarrean; beste polizia haren “ostikada hegalaria”; hautetsontziak gordelekuetako itzaletik atera zituztenekoak; grebaren jarraipen ikaragarri zabalarenak... Ez dago erraza batekin geratzea.

Nik badaukat oso kuttun bat, aitortu behar dut, baina ikusteko oraindik egun batzuk itxaron beharko da. Kataluniako lurretara, konkistara, «a por ellos oe, a por ellos oe»ka, heroien modura, Huelvan, Murtzian, Granadan, Algecirasen, Kordoban, Guadalajaran, Toledon, Oviedon eta abarretan agurtu zituzten guardia zibil eta polizien bideoa da... itzulerakoa, ordea.

Madrilgo derrigorrezko geldialditxoaren ostean –“piolinek” eta hoteletako gainerako kideek ez dute, bada, ahuntza bakarrik utziko U12an?–, imajinatzen ditut ongietorriak: Oviedoko, Kordobako, Murtziako eta abarretako kaserna kanpoaldeak, hutsik. Ez dago hooliganik, ez dago banderarik, pankartarik eta oihu futbolerorik. Ez dago “We are the champions”ik bozgorailuetan.

Izter eta sorbalda batzuk minduta, sudur zenbait odoletan, betondo eta bizkarraldeak ubelduta, hamaika buru puntu beharrean... utzi dituzte atzerriko misioan, baina ez dago garaipenik hor. Porrot.

Pentsatzen hasita, kasernetara erretiratu aurretik, 12an bertan, ahuntzarekin duten hitzordua baino lehen edo beranduago, Moncloara gerturatuko dira akaso. Porrotagatik kontu eske. Nolako irudia...