GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ekintza eta ekintza artean, nola gaude?


GAUR8ko orrialdeetan irakurgai dago erreportajea, baina ez dago soberan zutabe hau, bizitzaren erdigunea izan arren, bazterrean uzten baitugu elkar zaintzea, geure burua zaintzea. Aspalditik nuen honetaz idazteko gogoa, eta Bilgune Feministak heldu den asterako antolatu dituen jardunaldi eta egonaldiek eman didate bultzada.

Osatze feminista landuko dute. Hitza berria da, baina fokua jartzen dio elkarteetan betidanik egin izan denari. Langileak, ikasleak, feministak, pentsiodunak... Zergatik hasi ziren bada biltzen, elkar babesteko ez bada? Ingurura begiratuta irudipena dut ahantzi egin dugula, edo ez garela horretaz konturatzen. Egiteak itsutzen gaituenean ez dugu egotearen garrantzia ikusten. Ezinbertzeko ekintza baten eta bertzearen artean erreparatzen ahal diogu kideari, ea nola dagoen? Badakigu ze kostu pertsonal ekartzen ari zaion bere militantzia? Eta guri? Zenbatetan egiten dugu so gure barrenera? Ekitea ongi dago, baina premiazkoa da gelditzea ere, pertsonak ongi bizitzeko. Seguru nago horrela aunitz hobetuko liratekeela ekintzak ere.

Zer den ongi bizitzea? Hagitz interesgarria iruditzen zait Bilgune Feministaren erantzuna. Hiru eremu bereizi izan dira orain arte, publikoa (lana, militantzia...) eta pribatua (etxea, familia...). Eta horiei hirugarren bat erantsi diote, intimoa. Hau pribatuaren barrenean galtzen ahal da, baina norberak ere behar ditu bere espazioa eta denbora bakarrik egoteko. Bizi publikoaren, pribatuaren eta intimoaren arteko oreka bilatzea izanen litzateke, hortaz, ongi egoteko bidea.