GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Egiazko garaipenak


Egun hauetan 30 urte betetzen dira Estatu frantsesak euskal errefuxiatuen kanporatze masiboak burutu zituenetik. 1945eko lege bat berpiztu, eta urgentziazko prozedura erabili zuen 120 euskal herritar inguru Espainiaratzeko. Askok tratu txarrak jasan zituzten eta beste batzuk espetxeratuak izan ziren.

Gertaera latz haiek euskal gizarteko zati handi bat asaldatu eta protesta mobilizazio handiak eragin zituzten. Izan ere, Ipar Euskal Herrian egindako razzia-ren irudiek, non dozenaka gizon, emakume eta ume ehunka poliziek bortizki nola atxilotzen zituzten ikusten zen, herritarren barruak mugitu zituzten. Eta hori, orduan irudiak transmititzeko gaurko bitarteko azkarrak ez zeudela!

Oraintxe bertan Katalunian gertatzen ari dena gogorarazi dit urtemuga samintsu honek. Testuingurua eta garaiak ez dira berak, jakina. Baina Estatuak erabiltzen duen bidea –errepresioa– bai. Norbaiti entzun diot egunotan Estatu espainolak ez dakiela ez galtzen, ez irabazten, garaitzen baizik. Umiliatzea helburu duten «garaipen» horiek, ordea, ez dira egiazko garaipenak. Jendearen memorian eta bihotzetan beti uzten dituzte aztarnak. Are, duintasuna, harrotasuna eta adorea pizten dute eta txoko honetan bertan duela egun batzuk Gotzon Elizburuk ondo asko azaldu bezala, belaunaldi osoak markatzen dituzte.

Euskal Herrian gertatu bezala, orain Katalunian jasaten ari diren kalapita eta oldarraldiak herri kontzientzia sustatu eta ekintzaileak, militanteak sortzen ditu. Eta hori, gorabehera, ziklo eta prozesuaren fase guztiekin, herri proiektu bat garatzeko behar den ahalegin erraldoirako sekulako altxorra da. Ez dakit nola amaituko den Kataluniaren ekinaldi miresgarri hau (nork daki?) baina egiazko garaipena jada eskuratu dutelakoan nago, beren Estatua eraikitzeko belaunaldi berrien kapitala bildu baitute.

Gurean ere ikusi izan dugu halakorik. Nire belaunaldian, errepresioaren haritik kontzientzia asko piztu ziren. Geroztik, errepresio mota estaliagoak, maltzurragoak, denboraren higadurak, neurri batean kordegabetu gaituzte beharbada, baina lozorroan dagoen hazia eta ilusioa ernatuko dira berriro!