21 OCT. 2017 JOKOAK Jokatzeko geratzen ziren txapelketek badituzte datak eta lekuak J.L. Euskal Herriko Federazioak jadanik eman ditu ezagutzera geratzen diren txapelketak non eta noiz izango diren. Joan den igandean jokatu zen Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala, eta jarraipena datorren 29an izango da, Azkoitian jokatuko baita 12.00etan Bigarren Mailakoa. Data hori lehendik ere jakina zen, baina zalantzan zegoena Hirugarren Mailakoen finala zen, eta horrek ere badu data eta ordua. Azaroaren 12an jokatuko da, Aldatzen, Nafarroan, 13.00etan. Eta geratzen den aizkolarien finala gazteena da. Hori abenduan jokatuko da, abenduaren 17an, eta Asteasun izango da. Ez da izango egun horretan Asteasuko pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa bakarra; izan ere, orduan jokatuko da ere Harri Handien finala. Ordua ez dago zehaztuta, baina hasiera batean arratsaldez izango omen da. Nafarroa Trontzan, bihar jokatuko da Berako Altzate plazan, herrialdeko mistoen finala. Xabier Urrutia eta Nerea Sorondo, Mikel Eugi eta Itxaso Ontsalo, Imanol Kañamares eta June Etxeberria, Oier Kañamares eta Irune Izkue, Josu Uharte eta Uxue Rodriguez, Endika Garai eta Irune Biurrun, Alis Alonso eta Jone Uhalde eta Josetxo Barberena eta Ainhoa Iraizoz izango dira lehian arituko direnak. Finala 17.00etan hasiko da, eta bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzakoari 10 epai eman beharko dizkio. Bestetik, Nafarroako Herri Kirol Federazioak aditzera eman zuenez, herrialdeko sokatira txapelketa urriaren 29an abiatuko da, eta Arbizun jokatuko da aurreneko saioa.