22 OCT. 2017 MANIFESTAZIO ERRALDOIA BARTZELONAN ATXILOKETEN AURKA, 155AREN AURKA... ETA ERREPUBLIKAREN ALDE JORDI SANCHEZ ETA JORDI CUIXARTEN ATXILOKETAREN AURKAKO ATZOKO MOBILIZAZIOA ESPAINIAKO GOBERNUAK IRAGARRITAKO KOLPEAREN AURKAKOA ERE BIHURTU ZUEN TAULA PER LA DEMOCRACIAK, ETA MANIFESTUARI KATALUNIAR INSTITUZIOEN ALDEKO BABESA GEHITU ZIOTEN AZKEN ORDUAN. ASKOREN AHOTAN, AURRE EGITEKO MODU BAKARRA INDEPENDENTZIA ALDARRIKATZEA DELA. Dernière mise à jour : 22 OCT. 2017 - 10:12h Ion TELLERIA Bide guztiak errepublikaren ubidera doazela dirudi gero eta nabarmenago Katalunian. 13.00ak pasata ziren Mariano Rajoyk 155aren aplikazioaren xehetasunak eman zituenean, norbera bere etxe atarira edo balkoira atera eta lapiko jotze batekin erantzun zuten batean eta bestean hainbat herritarrek. Ordu gutxira Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen espetxeratzeen aurka Taula per la Democracia (TxD) plataformak deitutako manifestazioa hastekoa zen Paseig de Gracia eta Arago kaleak bat egiten duten inguruan. Bertan zain zirenen artean ezusteko gutxi Espainiako Gobernuaren erabakiarekin; «burutik jota daude», zioen 70 urteak pasata dituen Carmek barrez. «Orain zer?» galdetuta, «independentzia deklaratu eta kito», erantzuna. Gazteagoa da Marta, hogeita gutxi urtekoa, baina ez du zalantzarik; «elkarrizketa proposamen seriorik ez badago ez dugu beste alternatibarik, deklara dezagun errepublika». ¿Qué le ha parecido la decisión del Gobierno español? Responde Carme pic.twitter.com/eb1qG49hQ9 — Ion Telleria Barrena (@iontelleria) October 21, 2017 Ordubete falta zen oraindik manifestaziorako, baina ANCko boluntarioak erruz ari ziren lanean mobilizazioan ezerk hutsik egin ez zezan, dozenaka atzo ere. Oriol Junqueras izan zen Gobernuaren izenean iristen lehena, txalo artean hartu zuen jendeak eta herritarren artean sartu zen Paseig de Gracian. Manifestazioa hastear zela Carles Puigdemont presidentea iritsi zen, irribarretsu, jendearen «president» eta «atzera pausorik ez!» oihu artean. Llega Puigdemont, la gente lo recibe al grito de "ni un paso atrás" #LliberatJordis pic.twitter.com/B55iAm6PJN — Ion Telleria Barrena (@iontelleria) October 21, 2017 Lehen segurtasun blokean kokatu ziren TxDko eragileetako ordezkariak. Bertan, CCOO eta UGT sindikatuen Kataluniako idazkari nagusiak, Camil Ros eta Javier Pacheco, ANC eta Omniumeko egungo ordezkari nagusiekin, Agusti Alcoberro eta Marcel Mauri, eta eskubide zibilen aldeko plataforma osatzen duten gainerako 100 elkarteetako ordezkariak. Manifestazioan ziren Ada Colau Bartzelonako alkatea eta manifestazioaren une batean hunkituta negarrari eutsi izan ez zion Xavier Domenech bere alderdikidea ere. Plataforma anitza eta zabala da TxD, eta atzorako entitate soberanistetako ordezkarien espetxeratzearen aurkako manifestazio bateratua zuten deitua. Egunak, ordea, Espainiaren errepresio bidean urrats berria ekarri zuen eta 155 artikuluaren aplikazioaren aurkako aldarria gehitu zion plataformak berak. Azken orduan, aurrez adostutako manifestuari pare bat paragrafo gehitu zizkiotela esan zuen taula gainetik berau irakurri zuen Llol Bertranek. Gehigarrian kataluniar instituzioak babesteko deia. Zentzu berean hitz egin zuten agertokitik Alcoberrok eta Maurik ere. «Herri bakar bat gara, antolatuta gaude eta gure instituzioak babestuko ditugu», nabarmendu zuen ANCko presidenteordeak; «ez dira pasako irabazi egingo dugulako», Maurik. Errepresioaren aurkako zurrunbilotik irten eta mezua zehazteko deia espetxetik helarazi zuen Jordi Cuixartek gutun bidez; «gogoratu auzia ez garela ‘Jordiak’, auzia erabakitzeko eskubidea da». Errepublikaren garaia Marta Rovira (ERC) Junts Pel Siko parlamentariak gogor salatu zuen Espainiako Gobernuaren erabakia, eta, asteleheneko Parlament-eko bozeramaileen batzordea aipatuta, aurrera jarraitzeko beharra azpimarratu zuen; «berandutu gabe Kataluniako Parlamentuak errepublika eraikitzeko bideari ekin behar dio», esan zuen. Marta Rovira, sin más dilación es el momento para que el Parlament avance en la construcción de la república catalana pic.twitter.com/j5enI2DWIT — Ion Telleria Barrena (@iontelleria) October 21, 2017 Marta Pascal PDeCateko koordinatzaile orokorrak ere ildo berean zehaztu zuen mezua; «inork ezin ditu ordezkatu gure instituzioak eta ezingo dute urriaren 1eko emaitzekin dugun konpromisoa eten». Carles Riera CUPeko diputatua, urrats bat harago bere mezuan: «defentsa modu bakarra independentzia aldarrikatzea izango da». Comu alderdiko ordezkariek ere salatu zituzten Espainiako Gobernuaren asmoak, baina elkarrizketarako bideak oraindik badaudela esanez. «Izugarria da instituzioen esku hartzea, baina oraindik ekidin daiteke», esan zuen Ada Colauk PSOEri Rajoyren asmoak ez babesteko deia eginez. Udaltzaingoaren arabera 450.000 pertsonak parte hartu zuten manifestazioan. Amaitu ostean ere bertan jarraitu zuten horietako askok denbora luzez, eta dozenaka herritar Sant Jaume plazara joan ziren segidan, Generalitateari babesa adierazi eta Puigdemontek 21.00etarako iragarritako mezua entzutera. Independentzia oihuak maiz eta ugari pic.twitter.com/lsYKmlQDVq — Ion Telleria Barrena (@iontelleria) October 21, 2017 Espainiako Poliziaren helikopteroak nabarmentzeko eginahalak egin zituen berriz ere, tarteka Mossoenarekin gurutzatuz.