GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Himalaian eta Alaskan bakarkako jarduerak aldarrikatzen

Hilaren 3an, Jost Kobush alemanak Nangpai Gosum II (7.296 m, Nepal) igo zuen; igo gabe zegoen laugarren mendi garaiena zen. Bien bitartean, joan den abuztuan, Cole Taylor estatubatuarrak Devils Thumb mendiaren North Pillar-en bakarkako lehen igoera sinatu zuen.


Batzuek diote bakarkako jarduerak erromantikoak direla. Badira ere esaten dutenak eite filosofikoa dutela. Eta beste batzuek, berriz, apustu introspektiboa dela. Argi dago kolore guztietako iritziak daudela; eta, era berean, argi dago istorio horien berri ematen denean irakurlea harrapatuta geratzen dela. Orain dela pare bat aste argitaratu genuen Silvia Vidalek Alaskan eginiko espedizioa horren guztiaren isla da.

Hurrengo lerrootan, bestalde, azpimarratzekoak diren bakarkako beste bi adibide jorratuko ditugu. Lehenean, Jost Kobush da protagonista. 24 urteko alpinista alemanak Nangpai Gosum II mendiaren (7.296 m, Nepal) lehen igoera sinatu du. Cho Oyuko ingurumarian dagoen mendi hori igo gabe zegoen laugarren garaiena zen.

Aipatu behar da Nangpai Gosum II mendiak saioren bat edo beste izan duela; azkena, mendi gidari frantziar talde batek eginikoa. Baina alpinistok atzera egin behar izan zuten; izan ere, mendiaren baldintzak oso lehorrak eta arriskutsuak ziren.

Alpinista gazteak, berriz, zorte handiagoa izan du, eta hil honen 3an Nangpai Gosum II-ren lehen igoera egin zuen. Abuztuaren 12an irten zen etxetik, eta, girora ondo egokitu ondoren, irailaren 5ean kanpalekua jarri zuen. Kobusch-ek adierazi duenez, lan eskerga egin behar izan zuen: «Mendi garai horretan bakarkako saio bat egiteko pronto nengoen. Jakin banekien ez zela batere erraza izango, besteak beste, bide tekniko bati aurre egin behar niolako. Lehen asteetan garraio lanetan jardun nuen. Tresneria guztia, 500 metroko soka tartean, kanpalekutik mendira eraman behar nuen. Nire asmoa soka hori tarte teknikoetan finkatzea zen. Sekzio horietan seguru joan behar nintzen; ezin nuen zalantzarik izan. Horretaz gain, soka finko horiei esker, azkar jaisteko aukera bermatuta zegoen. Min hartzen banuen ere, soka horiek asko lagunduko zidaten».

Hogei egun lan horietan igaro ondoren, alpinista alemana bigarren kanpalekua ezartzen saiatu zen. Hain zuzen ere, arestian aipatu dugun frantziar talde horrek puntu horretan (6.600 metroko garaieran) bibaka egin eta saioari amaiera eman zion.

Nangpai Gosum II mendia igotzeko, protagonista honek hegoaldeko aurpegia aukeratu zuen. Frantziarrek bezala, jakin bazekien baldintza kaskarrekin egingo zuela topo bidean: «Eguzkiak bete-betean jotzen du, eta berehala urtzen du izotza. Arrokan eskalatu behar duzu, eta horrek eskalada gogortzen du. Horretaz gain, goitik makina bat harri erortzen dira. Hori guztia gutxi izango balitz, elurteak izaten direnean, mendiaren horma hori elur-oldeen mende egoten da».

6.300 metroko garaieran zela, alpinista alemanak adierazi du zati tekniko zail bat (eskaladaren giltza izan zen) gainditu behar izan zuela: «Izotzezko murru (80°) bat zen. Gainera, oso lehor zegoen; batez ere, goiko zatian. Tontorrera jarraitu nahi banuen, derrigorrez handik pasatu behar nintzen. Izotz fina zein hauskorra zen; azkenean, arrokan eskalatu nuen. Bideak nondik jarraitzen zuen ikusteko eta nire petatea zintzilikatzeko, nire bi pioletekin eta torloju batekin bilera bat prestatzen hasi nintzen. Nire piolet batekin iltze bat sartzen ari nintzela, bilera ia desegin egin zen; erabat sartuta ez zegoen iltzetik zintzilik geratu nintzen. Egoera hori ikusita, jaistea erabaki nuen».

Behin kanpaleku nagusian zela, sukaldariak eta bere laguntzaileak Kobusch-i esan zioten handik alde egin behar zutela. Egoera berriaren aurrean, alemanak bigarren saio bat egitea erabaki zuen: «Alde egin aurretik, den-dena ematearen sentsazioarekin bukatu nahi nuen. Hala, beste saio bat egin nuen. Hori bai, beste bide batetik eta nire gustuko estiloan: azkar eta arin. D eguna irailaren 30ean hasi zen. Tresneria ia guztia kanpalekuan utzi nuen. Balizko erreskate bati aurre egiteko, soka arin bat soilik hartu nuen. Lehenengo urratsak goizeko hiruretan egin nituen. Elur-oldeak saihestu ahal izateko, gauez eskalatu nahi nuen. Kanpaleku aurreratua 5.600 metroko garaieran neukan. Zeharkaldi bat egin eta gero, lehenengo kanpalekua (6.400 m) altxatu nuen. Bigarrenera (6.840 m), berriz, biharamunean ailegatu nintzen. Atseden pixka bat hartu ondoren, gaueko hamarretan irten nintzen. Ertza gainditu eta gailurretik gertu elur hautsarekin kristoren borroka egin nuen; gerriraino iristen zitzaidan. Urriaren 3an, goizeko 10.25ean tontorra zapaldu nuen. 60 kilometro orduko haizeteen ondorioz, tontorrean oso denbora gutxi igaro nuen».

Erabateko autonomia

Jorratu dugun jarduerarekin alderatuta, Cole Taylor-ek egindakoa ezberdina da oso: ingurua, eskalada, estiloa... Baina, hala eta guztiz ere, uste dugu azpimarratzeko modukoa dela. Estatubatuarrak Alaskako Devils Thumb mendiko North Pillar bidearen (VI, 5.9, 1.900 m) bakarkako lehen igoera egin du. Berez, marra horrek igoera bakarra zuen, duela 40 urte Bob Plumb eta Dave Stuzmanek lortutakoa.

Irakurri bezala, eskalada ez da batere zaila, baina kontuan hartu behar da mendi hori urruneko ingurumari basati batean dagoela. Estiloa, beraz, kontuan hartzeko modukoa da: bakarka eta autonomia osoan.

Ekainaren amaieran Taylor Port Hadlock-tik (Washington) irten eta handik hilabetera Petesburg-era (Alaska) heldu zen. Han, txalupa txiki bat hartu eta lau egun nabigatzen igaro ondoren, Baird izeneko glaziarrean kanpalekua antolatu zuen: «Kanpalekua 2.000 metrora dago, eta eskuarki mendi horretara joaten direnak helikopteroak han uzten ditu. Nik bidaia osoa nire kabuz egin nuen. Kanpalekura heldu eta biharamunean eskalatzen hasi nintzen. Hura igo, jaitsi eta berriro txalupa hartu eta itzulerako bidea hartu nuen. Eguraldiarekin zorte handia izan dut; izan ere, ipar zutoina eskalatu eta glaziarrean nintzela okertu zen».

Jatorrizko marra, berez, iparraldeko horman hasten da; zuzen-zuzen, gainera. Baina paretak zituen baldintza kaskarren ondorioz, Plumb eta Stuzman beste toki batetik hasi ziren: «Bide hori igo zuten lehen eskalatzaileek aholkatu zidaten zutoinaren behealdera iristeko hobe nuela glaziarraren goialdetik hastea. Hegoaldeko izotz-jauzia aukeratu nuen; beraz, mendiaren atzealdean bueltaka ibili nintzen. Banekien eskalada ez zela zaila, baina mendiaren goialdetik erortzen zen guztiak alertan jarri ninduen. Arrisku horiek saihestea ez zen erraza izan. Zorionez, gailurrean ekialdeko ertzetik igo ziren bi alpinista topatu nituen. Bakarrik eta zazpi milimetroko soka batekin jaitsi ordez, haiek eskaini zidaten segurtasunaz baliatu nintzen».

Ingurumari hura ezagutzen dutenek txalotu egin dute Taylor-ek eginiko jarduera: «Alderdi haietan bakarrik ibiltzea erokeria hutsa da. Bidaia osoa ikusgarria da; izan ere, infernu batean murgildu zen. Eskalada, berez, ez da zaila, baina gainditu izan behar dituen glaziarraren arrakalak beldurgarriak dira».