23 OCT. 2017 Aizkora Iker Vicentek oso erraz irabazi du Txapeldunen Liga Jon Rekondo sailkatu da bigarren, eta Aitzol Atutxa izan da hirugarrena. Jon LEUNDA Iker Vicentek irabazi zuen atzo jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finala, eta ezustea Aitzol Atutxak eman zuen. Eta ez bera ez zelako txapelduna izan, ezta hirugarren amaitu zuelako ere, finaleko azkena, alegia, baizik eta lanak bukatzen pasa zuen denbora deigarriagatik: irabazlearengandik zazpi minutura bukatu zuen bizkaitarrak, eta, atzoko lanak ikusita, garbi dago ikaragarria dela bukaerako alde hori. 45 ontzakoa erlojuz kontra moztea izan zen egin behar izan zuten aurreneko lana, eta hor Iker Vicente izan zen azkarrena, lana 42 segundoan amaituta. Bi segundo gehiago behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta, Jon Rekondok, berriz, 51 segundo behar izan zituen bere aurreneko lan hau burutzen. Ondoren tamaina bereko enborra bota behar izan zuten zutik jarrita. Vicentek minutu eta 51 segundoan bota zuen. Atutxak bost segundo gehiago behar izan zituen, eta hamaika gehiago Rekondok. Hirugarren lanean, oinbikoa zeinek azkarrago ebaki lehiatu ziren, eta hori Atutxak bota zuen aurrena 3 minutu eta 2 segundoan. Vicentek 55 segundo gehiago behar izan zituen, eta, Rekondok, minutu eta 7 segundo gehiago. Hiru lanok amaituta, egungo Euskal Herriko txapelduna lehen postuan zegoen, eta inork gutxik pentsatzen zuen gero pasatu zena pasatuko zela. Baina pasatu zen, eta, nola, gainera. Laugarren lanean hasi zen Atutxaren gainbehera. Zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar zituzten. Otsagabikoak 2 minutu eta 28 segundoan amaitu zuen jarduna. Rekondok 2 minutu eta 41 segundoan, eta, Atutxak, berriz, 4 minutu eta 56 segundoan. Azkeneko lanera Vicente alde nabarmenarekin sartu zen, eta iraupen proba horretan alde zeukan tarte hori handitu egin zuen. Lau 60 ontzako mozten 11 minutu eta 10 segundo behar izan zituen. 13 minutu eta 21 segundo Rekondok, eta 17 minutu eta 18 segundo Atutxak. Lan guztiak burutzeko, beraz, 20 minutu eta 8 segundo behar izan zituen Iker Vicentek, 23 minutu eta 4 segundo Jon Rekondok, eta 27 minutu eta 56 segundo Aitzol Atutxak.