28 OCT. 2017 sokatira Arbizuko pilotalekuan emango zaio hasiera Nafarroako Txapelketari J.L. Goma gaineko sokatiraren denboraldia hastear dago, eta hasiko den lehena Nafarroakoa izango da, asteburu honetan bertan jarriko baita abian. Arbizun izango da aurreneko jardunaldia bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera. Lehen egun honetan, gizonezkoak jardungo dira 640 kiloko mailan, eta emakumezkoek, berriz, 375ekoan jardun beharko dute. Bi maila hauetan bi jardunaldiko saioak izango dira, eta orduan jakingo da maila bakoitzeko txapeldunak zeintzuk diren. Bigarren jardunaldia azaroaren 4an Berriozarren izango da. Mutilak 640koan aritu beharko dute, eta Berriozar, Beti Gazte eta Antsoain izango dira lanean arituko direnak; hor Beti Gazte izango da, dudarik gabe, garaipena lortzeko talde faboritoa. Bi jardunaldietako puntuak batuko dira, baina Lesakakoek biak irabazteko gaitasuna ere izan dezakete. Neskak 375eko mailan lehiatuko dira, eta mutilen taldeak zortzi tiralariz osatuta egongo diren bitartean, nesken ekipoek sei tiralari izango dituzte. Berriozar, Beti Gazte, Txantrea eta Antsoain izango dira lehian arituko diren taldeak. Hau ere bi jardunaldira jokatuko da; bietako puntuak batu beharko dira, eta horren ostean jakingo da zein den txapelduna. Bizkaiko Txapelketa ere hastear dago, eta izena emateko epea amaituta, jadanik jakina da zein talde arituko diren, baita egutegia ere. Azaroaren 12an abiatuko da txapelketa hau, eta bertan Abadiño A, Abadiño B, Gaztedi, Gaztedi Neskak, Murueta A, Murueta B eta Sokarri izango dira lanean jardungo diren taldeak. Aurreneko jardunaldia azaroaren 12an jokatuko da Sondikan. Bigarrena azaroaren 19an, Laukizen, eta finala Arrigorriagan jokatuko da abenduaren 23an. Zazpi taldek eman dute izena, eta finalera aurreneko bi jardunaldietan punturik gehien eskuratu dituzten sei taldeak joango dira.