29 OCT. 2017 Entrevue HIROMI YOSHIDA ITZULTZAILEA «Kobayashi da literatura proletarioko idazle ezagunena» Takiji Kobayashi idazle japoniarraren «Nagusia kanpoan bizi da» eta «1928ko martxoaren 15a» testuak liburu batean argitara eman zituen Katakrak argitaletxearekin, eta berriki Chuya Nakahararen poema antologia plazaratu da, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman. Euskal Herrian bisitan zela baliatuta, berarekin elkartu ginen Japoniako literaturaz aritzeko. Dernière mise à jour : 31 OCT. 2017 - 11:29h Patxi GAZTELUMENDI ZARAUTZ XX. mende hasierako idazlea da Takiji Kobayashi. Gaur egun ezaguna da Japoniako irakurleen artean? Bere izena ezaguna da. Guk eskolan Japoniako literaturaren historia ikasi genuenean, gaztetan ezagutu genuen. Gaur egun ere beti azaltzen da bere izena, literatura proletarioaren munduan idazle ezagunena bera da. Literatura proletarioa aipatu duzu, guk Kobayashiri lotua ezagutu dugu; badaude idazle gehiago? Kontzeptua bai, badago. Orain gutxi batzuk ezagutzen dira. Garai batean oso ezaguna izan zen Takiji Kobayashi bera ere. Lau lan idatzi zituen Kobayashik, «Kanikosen» izango da ziur asko ezagunena nazioartean. Zenbateraino ezagutzen zenuen bere lana itzulpenari ekin aurretik? Egia aitortu behar badut, ez neuzkan bere lanak irakurrita. Gogoan dut aspaldi Kobayashi irakurtzen hasi nintzenean irakurketa utzi behar izan nuela hiruzpalau orrialderen ostean, gogorra eta tristea egin zitzaidalako. 16 urte izango nituen orduan. Jose Luis Otamendik “1925eko martxoaren 15a” izeneko testua euskaratzeko eskatu zidan, Armiarma atarian jartzeko. Lagun handia dut poeta azpeitiarra eta hasi nintzen euskaratzen. Literatur mailan laguntza eskatu nion berari. Zuzenketa lana egin zuen berak. Kapituluka euskaratzen nuen eta horrela sareratu genuen Kobayashiren lan hori. Sarean jarri ostean ondorioztatu genuen pena zela obra hori paperean eduki ez izana eta geroago etorri zen Katakrak argitaletxearekin argitaratzeko aukera. Bi urte beranduago jaso nuen Otamendiren mezua, paperean argitaratzeko. Liburu baterako laburregia zen “1925eko martxoaren 15a” eta orduan beste bat euskaratzea proposatu zidan Katakrakeko Hedoi Etxartek. Horrela euskaratzen hasi nintzen “Nagusia kanpoan bizi da”. Takiji Kobayashi lehen aldiz daukagu euskaraz, eta bere lan batzuk ez daude gaztelaniaz ere. Pozik emaitzarekin? “Kanikosen” hizkuntza askotara dago itzulita, eta niretzat beste hizkuntzetan ez zegoen nobela bat itzultzea oso pozgarria zen. Eta orain euskaraz dauzkagu Kobayashiren bi lan hauek. Hori beti da albiste ona. Landaren eta hiriaren arteko kontrastea aipatzen du Iñigo Aranbarrik hitzaurrean. “Nagusia kanpoan da” nobelan garai hartako nekazari pobreen miseriak kontatzen dira, bai. “Martxoaren 15”-ekoan aldiz hiri bateko langileen gertaerak dira oinarri; langile komunistak ziren. Komunismoa debekatuta zegoen eta horrekin lotutako gatazkak kontatzen dira itzulitako testuan. Kobayashi izan zen tematika hori gehien landu zuen idazle japoniarra. Kobayashik torturari buruzko kontakizunak egiten ditu liburuan, eta bera ere torturatua hil zen handik gutxira. Hori jakinda, gogorra egingo zitzaizun lana, ezta? Bai. Irakurtzen hasi eta nahiko gogorra zela ohartu nintzen. Euskaratuko nuela hitzeman nuenez, hortik aurrera lan moduan hartu nuen. Gaia gogorra da, dudarik gabe, baina aurrera egin nuen. Hizlarien arteko harremanaren arabera erregistro ugari dituzue japonieraz. Senide izan, bikotekide izan edo nagusia eta menpekoa izan, ezberdinak dira elkarri zuzentzeko moduak. Nola ekarri dituzu horiek euskarara? Euskarara ekartzeko hika eta zukako moldeak erabiltzea beste erremediorik ez neukan. Hitanoa asko sartu dut liburu hauetan. Japonieraz erregistro asko daude, baina familiartekoa eta lagunartekoa, adibidez, berdinak dira. Ezezagunekin hitz egiteko edo nagusiarekin hitz egiteko erabiltzen direnak antzekoak dira. Horregatik, hika eta zuka arituta ondo moldatu naizela esan dezaket. Zuen hizkuntzan hitz gutxirekin asko esaten da, ezta? Bai; normalean bai, baina ez beti. Itzuli ezin ziren hitzekin moldatzea kostatu zitzaidan gehien. Asko dira euskaraz itzulpenik ez duten hitzak, eta nola edo hala moldatu nintzen. Hitz horien antzekoak topatzen saiatu nintzen eta, horretarako, Jose Luis Otamendi eta Hedoi Etxarterekin asko mintzatu naiz, beharrezko hitzak aurkitu arte. Eta euskal eta japoniar kulturek badute elkarren antzik? Jendearen izaerari dagokionez ikusten dut antzekotasunik. Zuek ez zarete aurpegi handikoak, nahiko lotsatiak zarete, diskretuak. Eta gu ere horrelakoak gara. Zuek ordua, adibidez, errespetatzen duzue, eta guk ere bai. Noiztik zaitugu euskalduna? Euskal hiztuna naiz orain dela 30 urtetik edo. Japonian gramatika ikasteari ekin nion, baina mintzamena eta entzumena lantzeko Lazkaora etorri nintzen duela 27 urte. 1995. urtean Azpeitira etorri ostean urtero etortzen naiz Urolaldera. Eta gaur egun euskaraz hitz egin, eskolak eman eta liburuak ere itzultzen ditut. Hemendik urtero liburuak eramaten ditut Japoniara. Saiatzen naiz euskal literaturari jarraipena egiten. Euskarara ekarri dituzu testu batzuk, baina japonieraz ere eman dituzu euskal liburu batzuk. Bernart Etxepareren “Lingua Vasconum Primitiae” itzuli genuen japonierara. Duela bi urte atera genuen hori. Fermin Muguruzak ere “Black is beltza” komikia japonieraz emateko eskatu zidan. Nik itzulitakoaz gain, badira beste liburu batzuk ere. Kirmen Uriberen bi liburu badaude japonieraz, eta ni orain saiatzen ari naiz Harkaitz Canoren “Twist” nobelarekin. Baina horretarako argitaletxe bat aurkitu behar dut lehenbizi. Zailagoa da argitaletxea topatzea itzulpena bera egitea baino. “Twist” asko gustatu zitzaidan eta ea lortzen dudan. Chuya Nakahara poeta ere ezagutzera eman duzu Munduko Poesia Kaierak bilduman. Nola moldatu zara poesiarekin? Asko kostata lortu dut. Itzultzen ari nintzen bitartean disfrutatzea lortu dut. Baina aitortu behar dut lan zaila izan dela. Aurkeztuko diguzu Nakahara? Nakahara XX. mende hasierako poeta izan zen, oso gazte hil zena; 30 urterekin. Yamaguchi herrialdean jaio zen, gaur egun Yamaguchi eta Iruñea hiri anaituak dira. Familia on samar batean jaio zen eta 13 urterekin Kyotora bidali zuten ikasketak egitera. Tokiora jo zuen gero unibertsitatera, filologia frantsesa ikastera. Bertan literatura gustuko zuen gazte talde batekin elkartu zen. Literatur munduan murgildu zen horrela. Talde horretan ezagutuko zuen Hideo Kobayashi, Japonian literatur kritikari ezaguna bilakatuko zena. Taldean piztu zitzaion aurreneko maitasuna neska batekin, eta egoera korapilatsuak sortu ziren. Neska horrekiko oroitzapen asko azalduko dira bere poesian. Bizi zela bi liburu argitaratu zituen. Ezkondu eta semea izan zuen, baina 2 urterekin hil zitzaion mutikoa eta hori kolpe handia izan zen Nakahararentzat. Bigarren liburua semeari eskaini zion. Urduritasunak jota, gaixotasun larria etorri zitzaion poetari eta handik gutxira hil zen. Gaur egun ere poeta ezaguna da Japonian? Bai, gaur egun ere jarraitzaile asko dituela esango nuke. Japoniako poeta baten liburua euskaratzeko esan zidatenean, Nakahara proposatu nuen jarraian. Gazte nintzela ezagutu nuen, eta oroitzen dut gure etxean Nakahararen bilduma bat zegoela. Ez neukan dena irakurrita, baina irakurri nituenak oso gogoan nituen. Bere idazteko modu triste eta malenkoniatsua gogoratzen nituen. Poema batzuetan alaitasuna ere ageri du. Bizitzaren alde ezberdinak daude bere poesian. Izaerari begiratuta, antzekotasunak ikusten ditut japoniarren eta euskaldunen artean. Zuek nahiko lotsatiak zarete, diskretuak. Eta gu ere horrelakoak gara. Harkaitz Canoren «Twist» nobela itzultzen saiatzen ari naiz. Baina horretarako argitaletxe bat aurkitu behar dut lehenbizi. Zailagoa da argitaletxea topatzea itzulpena bera egitea baino. Kobayashi irakurtzen hasi nintzenean, utzi egin behar izan nuen hiruzpalau orrialderen ostean, gogorra eta tristea egin zitzaidalako. Hamasei urte izango nituen. Japoniako poeta baten liburua euskaratzeko esan zidatenean, jarraian Nakahara proposatu nuen. Bizitzaren alde ezberdinak daude bere poesian.