07 NOV. 2017 IKUSMIRA «Propera parada: Barcelona» Ruben PASCUAL Kazetaria Egiari zor, beste gai bat jorratu behar nuen txoko honetan. Prestatuta neukan aste honetarako gogoetatxoa. Baina ezin izan diot tentazioari eutsi eta azken orduan aldatzea erabaki dut. Irakurtzen ari zaren lerro hauek mugikorrez idatzita daude, goizeko 7.00ak aldera, Iruñetik Bartzelonara naraman trenean. Triki-traka. Hainbat aldiz egonda nago aurrez Katalunian, baina honakoa berezia da. Aurreko guztietan ez bezala, lanera noa, hangoaren berri ematera eta ahal bezainbeste ikastera. Testuingurua, bistan da, zeharo aldatu da duela hiruzpalau urte hiria azkenekoz bisitatu nuenetik: Parlamentuak independentzia aldarrikatu du, Gobernu erdia espetxean eta beste erdia Bruselan babestuta dago, Jordi biak ere preso dituzte, abenduaren 21eko hauteskundeak hurbiltzen ari dira eta herria, bizi-bizi, errepublika kalean, borrokak benetan irabazten diren tokian, defendatzeko irrikaz. Dena borborrean. Bertigo pixka bat ere ematen didala ez dizuet ukatuko, baina are nabarmenagoa da eragiten didan zirrara. Izan ere, azkenaldian horrenbesteko arretaz telebistan, sare sozialetan edota egunkarietan jarraitutako panorama bertatik bertara bizitzeko aukera edukitzea gauza handia da, emozionantea oso. Koadernoa, boligrafo bat, telefonoa eta badaezpadako argazki kamera aldean hartuta bagoaz. Motxila bete gogo eta hango kaleetan barrena galtzeko grina ere ez ditut etxean ahaztu. Datozen egunotan, NAIZen zein sare sozialen bitartez han gertatzen ari denaren berri ematea egokituko zaigu, beraz. Som-hi!