GARA Euskal Herriko egunkaria
MARTIN ZALAKAIN

Dantzatu, ospatu, gozatu


Herri antzerkiak badu energia berezi bat teatro profesionalean galarazita dagoena. Jokalari ez den jendea taulara igotzea ezohiko gertakaria da. Publikoaren artean, senideak edo lagunak ikustera etorritakoen begirada kartsuak aparteko giroa sortzen du aretoan. Teknikaren eta eskarmentuaren ordez, arizale amateurrek freskotasunez eta ilusioz betetzen dute ikuskizuna, ikuslearengan aztarna goxoa utziz. Juan Antonio Urbeltzek eta Ander Lipusek sortutako “Martin Zalakain” obra horren adibidea dugu. Testuaren egokitzapena Harkaitz Canok egina bada ere, eta Lipusek narratzailearen rola bete arren, antzezpenaren muina Urbeltzek sortutako koreografia sinbolikoak dira.

Zuzeneko musikaren laguntzarekin, eta tarteka kantekin giroturik, dantzaldi teatralizatu hauen bidez Zalakainen bizitzaren pasadizo garrantzitsuen berri izango dugu. Urbeltz maisuak edertasun handiko konposizio eszenikoak eskaintzen dizkigu, betiere dantzaren alde ludiko eta jostaria nabarmenduz. Antzokietan dantzariek bilatu ohi dituzten perfekzio teknikoak eta justifikazio estetikoak ospakizun herrikoiari uzten dio lekua hemen. Badirudi Urbeltzek gogorarazi nahi digula dantza, jatorrian, ez zela besteei erakusteko egiten baizik eta norberak gozatzeko. Koreografia hauek herritarren gozamenetik eta gozamenerako sortu ziren dantzak berreskuratzen dituzte. Izan ere, iruditzen zait italiar erako agertokiak mugatu egiten duela emanaldiaren berezko indar kutsakorra. Herri antzerkia Arriagaren moduko espazioetara heltzea garrantzitsua bada ere, uste dut obra eder honek herriko plaza behar duela taula bezala, ikusleek ere dantzan hasteko aukera izan dezaten ospakizunaren parte bihurtzeko.