GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Umezurtzen aberritik


Gure amak «contacto inmediato» deitzen dio. Umetatik esan izan digu bizitzan zehar pertsona batzuekin zera gertatuko zitzaigula: ezagutu eta plaf! Sorbaldako muskuluak erlaxatu, poztasuna sentitu eta ezagun berria oso aspalditik laguna den sentsazioa izango dugu. Hori nabaritzen dugun bakoitzean aurrean daukagunarengan konfiantza izateko eskatzen digu amak, gutxi ezagutu arren sekula ez baitzaigu damutuko. Horixe sentitu nuen lehenengo aldiz Julen Kaltzadaren leiho erromanikodun bulegotxoan sartu nintzenean. Urte ahaztezina eman nuen Busturiko euskaldunen ahozko ondarea batu eta bazter magikoak ezagutzen. Altamirako lamien Oxinbaltza zelatatu, Julenen loba Apopirekin Matxalen Busturikoaren Atxapuntako oinatzak deskubritu, Kokonean bazkaldu eta kuartel jeneralera buelta; Elisa ugazabandrea eta neba Julenen Etxebarriatzera. Itsaso eta mendidun txoko zoragarria, Nafarroako errege eta Bizkaiko jaunen jauregi izandakoa.

Ordutik «ironia» berba entzuten dudan bakoitzean Julenek ahoan itsatsita zeukan irri txikia etortzen zait burura. Eta «inteligentzia emozionala» entzutean Elisaren begiak ikusten ditut. Julen Kaltzadak ironiaren bidez kontakizun dibertigarri bihurtzen zuen errepresio basatiak eragindako orbainez beteriko bizitza. Aitaren fusilamenduak umezurtz utzi zuen oso umetan. Gernika bonbardatu ostetik Derioko herrian ezkutatuta ibili ondoren, Busturira bueltatu zen aita. Atxilotu eta Derioko hilerrira eraman zuten fusilatzera. Urte batzuk beranduago Julen bera atxilotu eta kartzelatu zuten. Irribarrerik galdu gabe eta pasadizo barregarriak azpimarratuz kontatzen zuen. Gotzaitegiek abadetxeak inmatrikulatu dituzten sasoiotan txapela kentzekoak dira Burgoseko epaiketan, orduan apaiza baitzen, bizitzeko erabiltzen zuen Iurretako abadetxeari buruz Julenek esandakoak: «Ha etxea ez da nirea, herriarena baño. Ze berak emon daust, horregatik beti dago zabalik».

Joan aurretik “Umezurtzen aberria” autobiografia argitaratu du Julenek. Bitxia da, Julen joan eta munduan umezurtz bat gutxiago dagoen egun honetan, zelan Euskal Herria are umezurtzago geratu den.