17 NOV. 2017 Hezkuntza sektorea ere Macronekin kexu GARA BAIONA Emmanuel Macronen Gobernuak agindu dituen erreformen aurkako mugimenduak berriz ere karrikara jauzi egin zuen atzo, Estatu frantsesean bezala, baita Ipar Euskal Herrian ere. CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek eginiko deialdiak jasotzaile zehatza zuen. Hezkuntza alorrean frantziar presidenteak plantan eman nahi dituen murrizketak salatzeko deia luzatu baitzuten sindikatuek. Hartara, Baionak dituen hamabost eskoletatik zazpik lanuzteak babestu zituzten. Greba deialdiak jangela zerbitzuetan eragina izan zuenez, hainbat zentrotan gurasoek piknikak antolatu zituzten. Horrela gertatu zen Jean Moulin, Jean Pierre Brana, Baiona Handia, Zitadela eta Arenes-eko eskoletan, baita Oihana ikastolan ere. Bestalde, ehunka lagunek parte hartu zuten lan erreforma salatzeko Baionako erdialdea zeharkatu zuen manifestazioan.