GARA Euskal Herriko egunkaria

«LARHUN 2020» PROIEKTUA GELDITZEKO MENDI MARTXA LARHUNGO KASKORA

Berako Udalak aho batez onartu zuen asteazkenean Larrun Ez Hunki kolektiboak aurkeztutako mozio bat. Sara, Azkaine eta Urruñako udalak ordea, testu bera bozkatzearen kontra agertu ziren. Igandean, lau herrietatik abiatuta, mendi martxa izango da Larhunera.


Berako Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek (UPNko hautetsi bat, EH Bilduko 6 hautetsi eta Herrirako talde independenteko 4 hautetsi) bat egin zuten pasa den asteazkenean egin zuten udal osoko bilkuran, «‘Larhun 2020’ proiektua berrikusia izan dadin» galdegiteko.

Aurreko asteetan, Sara, Azkaine eta Urruñako herriko etxeetan mozio bera aurkezten saiatu zen Larrun Ez Hunki kolektiboa, baina testua bozkatzearen kontra agertu ziren hautetsi eta auzapezak, «oraindik goiz dela» argudiatuta. Azkainen eta Urruñan gainera, proiektuaren inguruan eztabaidatzeko aukera ere errefusatu zuten.

Lau zutabek bat egingo dute Larhunen

Ellande Alfaro, Larrun Ez Hunki kolektiboko kideak GARAri egindako adierazpenetan argitu zuen zergatik aurkeztu zuten mozioa herriko etxeetan: «Testua laburra zen, zeren gure ustez, badira bi printzipio kontuan hartu behar direnak proiektua eraikitzerako orduan, bata jende gehiago erakartzeko egitasmoa ez izatea, eta bestea, mendia ez ukitzea», jakinarazi zuen bozeramaileak.

Lapurdin kokatzen diren udalak mozioan aipatutako bi oinarriak onartzeko prest ote dauden galdetuta, Alfaro ezkor agertu zen. Larrun Ez Hunkiko kidearen aburuz, «herriko etxeak jende gehiago erakartzea helburu duen egitasmoa babesteko prest daude, horregatik ez dute nahi mozio hau bozkatu».

Hala eta guztiz ere, udaletxeetan aurkeztutako mozioek bestelako helburu bat ere bazutela nabarmendu zuen Alfarok, alegia, «eztabaida piztu eta herrietara zabaltzea» eta kolektiboko ordezkariaren iritziz, «hori, lortu da, baina inork ez du ofizialki deus esan, beraz orain zain gaude ea zer esaten duten, horren arabera, emango ditugun hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehaztu ahal izateko».

Bitartean, Larrun ez Hunki kolektiboko kideek ez dute geldirik egoteko asmorik, eta hurrengo hitzordua igande honetan bertan ezarri dute. Goizeko 8.30ean, Sara, Azkaine, Urruña eta Beratik abiatuko diren lau zutabek bat egingo dute Larhungo tontorrean hamaikak aldera, eta han, proiektuak kaskoan eragin ditzakeen kalteak ezagutzera emango dituzte.

Ekimen honekin gainera, «Departamenduari eta herriko etxeei, Larrun atrakzio parke bihurtzeko dugun desadostasuna erakutsi nahi diegu», azpimarratu zuen Alfarok.