GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Analisia


Oporretan ezagutu nuen aleman bati galdetu nion ea ze iritzi duen Die Linke ezkerreko alderdiaz. Esan zidan egia asko esaten dituztela errealitateaz eta jatorrak direla baina ez diela inoiz botorik eman, gobernu alternatiba izateko «zerbait» falta zaiela justifikatuta.

Guk ere askotan esan izan dugu ezker abertzaleak analisian asmatu zuela eta oraingoan ere asmatu duela. Eta analisi zuzena egiteko bi osagai behar dira ezinbestean: informazio zuzena (gazteleraz bitan banatuta: directo eta correcto) eta esperientzia metatua. Gero asmatu egin behar da, estrategian, dagoen indar harremanaren arabera jokoa mugiarazteko.

Guk badugu herri honetan esperientzia pilatua. Oso ondo dakigu errepresio dinamikak nola funtzionatzen duen eta zein ondorio dakartzan. Horri lotuta, oso ondo dakigu Estatu espainolaren DNA zein den zapalkuntza mekanismoez eta errepresioaz ari garela. Badakigu zein mentalitaterekin funtzionatzen duten gutxi asko.

Hargatik zur eta lurtu du beharbada jende asko hemen kataluniarrek ezker-eskuin errepresioaren aurrean azaldu duten harriduragatik eta jarreragatik. Seguruenik pentsatuz –Euskal Herrian askok pentsatu bezala– errepresioaren tamaina borroka armatuaren faktoreak baldintzatua zela. Eta neurri batean egia da. Baina Espainiaren jarrera errepresiboan pieza fundamentala ez da bortizkeriaren erabilera, Espainiaren batasun sakrosantua hautsi nahi izatea baizik.

Arturo Puentek zioen duela aste batzuk zutabe honetan errepresioak funtzionatzen duela. Hala da. Ilegalizazioaren ajeak erabat gainditu ezinda gabiltzala, horren adierazle.

Katalanek errepresio-erantzun dinamikan ez sartzeko hautua egin dute, horrek dakartzan kostuengatik. Ez soilik pertsonalak; baita estrategikoak ere, indarrak non jartzen diren erabakitzea ere funtsezkoa baita. Eta errepresioari erantzun dinamikan sartzeak esfortzu handia eskatzen du, handiegia. Norabidea galtzeraino. Itxuraz, indarrak batzen jarraitzeko luzerako ibilbide berri baten alde egin dute. Ikusiko dugu bide honek zein bidegurutze berritara eramaten dituen.