GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

1978ko erregimenaren logika Nafarroako aldaketaren kontra


Oposizioetarako zerrenda bakarraren auzia ez da nortasun kontua, batzuek hau ere identitariotzat jo nahi duten arren, identitario kontzeptua satanizatuz, eta eguneroko behar eta oinarrizko eskubideetatik urrunduz. Horiek dira, bestalde, identitarioa zer den erabakitzen dutenak: mobilizazio bateratuetara espainiar bandera errepublikarraz joatea ez da identitarioa, esaterako, jakina, haiek egiten dutelako! Euskara irakaskuntzan baloratzea bai, ordea.

Berriz esanen dut, auzia ez da identitarioa, oso bestelakoa baizik, sakonean dagoena iraganean errotutako bazterketa baita, zeinak gaztelaniaren nagusitasuna bermatzen baitu euskaldunak bigarren mailako herritar bilakatuz.

Bazterketa hau sistemikoa da, espainiar Estatuaren ezaugarri nagusietako bat izanik. Eta Nafarroan 78ko erregimenaren zutabea da, espainiar nazionalismoaren hegemonia bilatzen duena, euskaraz ez jakitea pribilegio bilakatzen delarik. Bai, pribilegioa, euskaraz dakienak zailtasun gehiago dituelako, zerrenda bakarraren ordez azterketa gehiago inposatzen zaizkiolako dituen abileziak baliatu nahi baldin baditu, besteak beste.

Bazterketari aurre egitea pribilegioen defentsa gisa hartzen du erregimenak, berriz. Eta badaude, tamalez, diskurtso hau berenganatu dutenak, bistan denez.

Ez gaude nolanahiko gairen aitzin, eta batzuek ongi dakite. Zerrenda bakarraren auzia, eta oro har, euskararen bazterketaren deuseztapena 78ko erregimenaren destituzioaren gako garrantzitsuenetakoak dira; horregatik erregimen horrekiko loturaren adierazpena da hainbaten jarrera. Badago aldaketa mugatzeko asmoa, eta batzuek joko hori irentsi eta UPN, PP eta PSOEren estrategia elikatzen ari dira.

Hautsi nahi dute 78ko erregimenaz? Prest dago Nafarroan erregimen horren oinarri den CCOO sindikatua jarrera aldarazteko, edo posizio hori indartu nahi dute, ordea? Ez, argi dago, afera ez da identitarioa! Afera erregimena da!